MIKEL AGINAGALDE
Noiz eta nola izan zenuen Formula 1ean lan egiteko aukera?
Orain lau hilabete, Donostiako Bocado katering enpresan lanean ari nintzela, Formula 1ean sukaldaritzako lanak egitea proposatu zidaten, Pedro de la Rosa pilotuaren HRT taldearentzat. Ez nuen bitan pentsatu eta abentura horretan murgildu nintzen.
Lau hilabete daramatzat mundu osotik bidaiatzen, eta leku askotan egon naiz dagoeneko. Monakon hasi nintzen lanean eta hura izan zen lehen geltokia.
Orain dela hilebete Monzan (Italia) egon nintzen eta baita Singapurren ere. Hemendik aurrera leku berri asko ezagutuko ditut.
Zein da zehazki egiten duzun lana?
Orokorrean, Formula 1eko pilotu eta langileei janaria lortu eta jaten ematea da zeregin nagusia.
Donostiatik egiten ditugu janari eskariak eta gero, karrera den lekuan gosari, bazkari eta afarietaz arduratzen gara, baita pilotuak zerbitzatzeaz ere.
Gure hornitzaile nagusia Macro enpresa da eta hark ematen digu beharrezkoa dugun janarien, edarien eta materialaren zati handiena. Gutxi gorabehera 65 pertsona elikatzeaz arduratzen gara, horien artean, pilotuak, teknikariak eta ingeniariak.
Janariaren alorraz gain beste zereginen bat ba al duzu?
Nire egitekoa elikagaien arloa izan da hasieratik, baina beste lan bat egiteko aukera edo zortea, hobe esanda, izan dut. Lasterketa baten atarian HRT taldeko zuzendariak laguntza eskatu zidan: Taldeko bigarren pilotua den Narain Karthikeyan indiarrari karreran zehar denboren kartel informatiboa erakustea, hain zuzen. Nire hasierako sukaldari eta zerbitzari lanaz gain, beste zeregin interesgarri bat suertatu zitzaidan. Egun, karrera guztietan egiten dut lan hori. Nigan konfiantza dutenaren seinale.
Beraz, Formula 1eko lasterketak gertutik bizitzeko aukera duzu?
Bai noski. Egia esan, autoak nigandik bi metrora pasatzen dira eta ikusgarria da benetan. Bestetik, F1aren munduan sartua egotea esperientzia ahaztezina da; alde batetik, txapelketa bera izugarria delako, eta bestetik, jende ospetsuarekin elkarlana egiteko aukera dugulako, Pedro de la Rosa bera, edota, Fernando Alonso bezalako pilotuekin, alegia. Zorte handia izan dudala uste dut.
Beraz asko bidaiatzen duzu? Non egon zara orain artean?
Lan honek duen alderdi polita bidaiatzearena da. Orain arte hainbat lekutan egon naiz, baina gehienbat Europan: Monacon, Belgikan, Italian… Hemendik aurrera, ordea, Asiara joango naiz. Singapurren egon ginen, eta orain Japoniarantz abiatuko gara, eta ondoren Koreara, Abu Dhabira edota Indiara, besteak beste. Egia esan, nire lanaren denbora zati handi bat hegazkinetan eta hoteletan igarotzen dut, baina ez daukat kexatzeko arrazoirik.
Nolakoa izaten da denboraldia, hau da, noiz hasi eta amaitzen da?
Denboraldia otsaila eta martxoa artean hasten da eta azaroaren bukaeran amaitzen da. Aurten azken lasterketa Sao Paulon (Brasil) izango da. Eguberrietan atsedena hartzen dugu eta otsaila hasieran gauzak prestatzen hasten gara kurtso berrirako.
Noiz arte ariko zara Formula 1ean lanean?
Printzipioz, hiru urteko kontratua sinatu nuen, eta gauzak ondo joatea espero dut. Hala ere, ez dakit hurrengo denboraldian non izango diren karrerak, eta orain arteko zeregin bera izango ote dudan etorkizunean.