Eusko Legebitzarrerako hauteskundeak izango dira datorren igandean, hau da, urriaren 21ean. Hauteskunde hauetan Gasteizko parlamentua osatzen duten 75 ordezkariak aukeratuko dira, eta horren arabera erabakiko da lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza. Eusko Legebiltzarra osatzen duten 75 parlamentarietatik, 25 Gipuzkoan aukeratuko dira. Bizkaia eta Araban, beste 25na parlamentari aukeratuko dituzte. Hernanin 18 urte beteta dituzten 15.000 hernaniar inguru daude deituta bozkatzera. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban guztira 1,7 milioi pertsonak izango dute egun horretan bozkatzeko aukera.
Txantxillakoek Laubidietan bozkatu behar dute
Azken hauteskundeetan bezala, 8 eskola eta 26 mahai izango dira herritar bakoitza dagokion lekura joateko bozkatzera. Honakoak izango dira eskolak: Biteri, Gabriel Zelaiako eraikina, Larramendiko udal gelak, Zikuñagako garai bateko eskolak, Ereñotzuko Txirrita ikastetxea, Langile ikastola (Laubidietan), Elizatxo ikastola (Elizatxo auzoa) eta Sagastialdeberriko haur eskola.
Hori bai, hauteskunde hauetan auzo berria izango da tartean, Txantxilla, eta bertako auzotarrek Laubidieta ikastolan bozkatu behar dute.
Udaletxetik jakinarazi dutenez, zentsoak ekainaren 1eko erreferentzia du. Beraz, hortik aurrera alta eman dutenek, edo helbide aldaketa egin dutenek, aurreko helbidea hartu behar dute erreferentzi moduan bozkatzeko.
Egun osoan bozkatzeko aukera
Ohi bezala, bozkatzeko aukera egun osoan zehar izango da. Eskolen ordutegia: 09:00etatik 20:00etara. Udaletxean edozein erreklamazio egiteko ere, egun berean, ordu horietan izango da aukera.
13 alderdi edo koalizio aukeran
Gipuzkoan 13 alderdi edo koalizio aurkeztu dira hauteskudeetara: EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, Ezker Anitza, PP, UPyD, EB-Berdeak, Equo Berdeak-Euskal ekologistak, PACMA, Aulki Zuriak, UCE, PUM+J eta Partido Humanista.
Inkesten arabera,
EAJ lehenengo indarra
eta EH Bildu bigarrena
Inkesten arabera, EAJ-PNVk irabaziko lituzke hauteskundeak eta EH Bildu bigarren indarra izango litzateke. Gara eta Naiz komunikabideak egunero ari dira Aztikerren inkesten berri ematen eta atzo argitaratutako datuen arabera, EAJk 28 eserleku lortuko lituzte, EH Bilduk 24, PSE-EEk 12, PPk 9, Ezker Anitzak 1 eta UPyDk 1.