Hernani Institutuko ikasleek etxean izan dituzte azken egun hauetan Europako bost herrialde desberdinetako hainbat ikasle.
Ingalaterra, Danimarka, Belgika, Estonia eta Hungariako 29 ikasle eta 12 irakasle inguru izan dira Hernanin. Gure herria ezagutzeaz gain, Donostia eta Bilbo ere bisitatu dituzte.
Gaur goizean abiatuko dira etxera. Atzo, Udaleko Gobernu Taldeak agurtu zituen.
Euskaldunen berri
Atzokoan, udaletxean izan ziren ikasle guztiak. Luis Intxauspe alkateak egonaldi atsegina izan dutelakoan agurtu, eta Hernaniren inguruko DVD bana oparitu zien.
Bestalde, «euskaldunon hizkuntza, ohitura eta bizimoduaren berri zabaltzea espero» zuela ere adierazi zuen.
Esperientzia aberasgarria
Garazi Mugerza eta Maddalen Otaegi Hernaniko ikasleetako batzuk dira, eta oso gustura egon direla azaldu zuten: «oso aberasgarria izan da; jendea ezagutu, lagun berriak egin eta ingelesa majo praktikatu dugu. Bere maila hobea da!».