Erantzunik jaso ez dutela-eta, mozioa aurkeztuko dute Gureolako langileek Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2012ko urr. 10a, 02:00

Konponbiderik lortu ezean, hartzekodunen lehiaketan sartuko da Gureola enpresa. Langileak kexu dira zuzendaritzak erantzunik ematen ez duelako, eta Plenoan mozioa aurkeztekotan dira.

Bi aste baino gehiago daramatzate Gureola-Celulosas de Hernani S.A. enpresako langileek kontzentrazioak egiten. Azaroaren 26ra arte, enpresa hartzekodunen prekonkurtsoan dago. Ordura­ko konponbiderik aurkitzen ez bada, enpresa hartzekodunen lehiaketan sartuko da, eta epailearen administraziopean geratuko da. Langileek prentsa ohar baten bidez azaldu dute: «enpresako zuzendaritza da egoeraren arduraduna eta egoera jasanezin honi irtenbide bat aurkitu arte borrokan jarraitzeko asmoa dugu».

Erantzunik ezean, mozioa
Astearetero eta ostegunero bezala, Gureolako langileek kontzentrazioa egin zuten atzo, Zinkoenean. Orain­goz, zuzendaritzaren eran­tzunik ez dutela jaso adierazi zuten, eta ondorioz, Udaleko Pleno­an aurkezteko mozio bat prestatzen ari direla azaldu zuten. Gainera, langileek diote «konponbiderako emandako epe guztiak pasa direla, eta enpresak ez duela hitzik sekula bete. Horrek, zu­zen­da­ritzarekiko mesfidan­tza izugarria sortu du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!