Langabeziak gora egin du berriro, Hernanin eta Gipuzkoa osoan

Kronika - Erredakzioa 2012ko urr. 9a, 02:00

Ekainean 1.267 langabetu zegoen Hernanin, eta hilero igo egin da kopuru hori, 1.345 langabetu izatera iritsi den arte. Langabetuen artean, 25 eta 44 urte bitarteko emakumeak dira gehienak.

Langabetu kopuruak go­ra egin du berriro azken hiru hilabeteetan. Hernanin, ekainean baino 78 langabetu gehi­ago dago orain. Gipuz­koan berriz, 1.854 pertsona gehitu dira langabetuen zerrendara ekainetik irailera bitartean. Hala ere, udako hiruhilekoan izan den langabetu igoera ez da izan urteko igoera haundiena. Izan ere, 2011ko abendutik martxora, 97 per­tso­na geratu ziren lanik gabe Hernanin. Martxotik ekainera berriz, udako kontratazioak direla eta, jaitsi egin zen Hernaniko langabetu kopurua: 11 gutxiago. Azken hiruhilekoan ordea, berriro gora egin du, eta 78 langabetu gehiago dago Hernanin.

Aldaketak, lehengo urtetik hona
Lehengo urteko langabezia tasaren dinamikarekin alderatuz gero, aurten joerak aldatu egin dira zertxobait. 2011 urtean, aurten bezala, martxotik ekainera bitar-te­an langabetu kopuruak be­hera egin zuen, bai Herna­nin eta baita Gipuzkoan ere. Ekai­netik irailera bitartean ordea, langabezia tasak be­hera egiten jarraitu zuen le­hengo urtean, aurten ez be­zala. Urte bukaerari dagokionez, 2011ko irailetik abendura bitartean langabetu kopuruak gora egin zuen berriro.

47 kontratu gutxiago
Lan-kontratu berriei dagokienez, orokorrean lehengo urteko joera ari da manten­tzen. Udako lehen hiruhilekotik bigarrenera, hau da, uda hasierara, kontratu berriek gora egin zuten Hernanin eta Gipuzkoan, bai 2011n eta baita aurten ere. Kontuan hartzekoa da, kontratu berri gehienak denboraldi baterakoak izaten direla. Logika horri segika, 3garren hiruhileko datuek adierazten dute irailean kontratazioek behera egiten dutela. Hain zuzen, ekainean baino 47 kontratu berri gu­txi­ago sinatu da irailean Hernanin. Lehengo urtean gainera, beherako joera horrek irailetik abendura arte jarraitu zuen.

25 eta 44 urte bitarteko emakumeak, langabetu nagusi
Populazioaren inguruko EUSTATeko datuen arabera, Hernanin lan egiteko adinean (20 eta 64 urte bitartean) daudenen %50,82 gizonezkoa da, eta %49,18 emakumezkoa. Emakumeak gutxiago izan arren ordea, langabetuen artean gehiago dira emakumeak, bai Hernanin eta baita Gipuzkoan ere. Era berean, 25 eta 44 urtekoen artean dago langabezia tasa haundiena. Iraileko datuen arabera, emakume langabetuak gizonak baino 17 gehiago ziren; abuztuan, 46 gehiago ziren eta uztailean, 56 gehiago. Gipuzkoa osoan kontuan hartuz gero, joera antzekoa da; langabetuen artean emakumeak gehiago dira gizonak baino, eta kontratu gehiago lortzen dituzte gizonek emakumeek baino.

Zerbitzuen sektorea kaltetuen
Kontratazio eta langabezia datuak sektoreka aztertuz gero, nabarmena da zerbi­tzuena dela sektore kaltetuena. Nahiz eta kontratazio gehien sektore honetan egiten den, langabezia tasarik altuenak ere zerbitzuetan ematen dira. Industria da hurrengo sektore kaltetua; eraikuntza gero, eta nekazaritza azkenik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!