Euskadiko Euskal Pilota Federazioak edota Gipuzkoakoak, bost modalitate bereizten dituzte euskal pilota jokoan, erramintaren arabera: esku-pelota, palako modalitateak, xistera bidezko modalitateak, sare bidezkoak eta modalitate zuzenak. «Logika eta koherentzia horri jarraituta», Hernaniko Pala Taldeak ere, sail propioa izango du Hernanin, denboraldi honetatik aurrera. «Orain arte, CD Hernani Kirol Elkartean, Esku Pelota sailean kokatzen zen gure taldea, baina azken batean, bada desberdintasun nabarmen bat: guk erraminta erabiltzen dugula, alegia. Horrexegatik, Pala saila sortu dugu CD Hernani Kirol Elkartean».
Kasualitaterik ez
Gaur egun, 24 palista federatu daude Hernanin; horietako 10, berriak dira, gainera. Palisten hitzetan, «hau ez da kasualitatea. Duela 20 urte Pala Taldea sortu zenetik, lan eta apustu sendoa egin da, eta egun, emaitzak ikusten ari gara».
Kadeteetan 10 palista daude orain, federatuetan hasiberriak. Jubeniletan berriz, 5 dira federatuak, eta nagusietan, 9.
Guztiak emakumeak dira, baina palistek argi dute: «taldeak ez du generorik eta ateak zabalik ditugu. Arazo bakarra tokia izaten da».
Maila ezinhobea
Hernaniko Pala Taldeak bi modalitatetako hainbat txapelketatan hartzen du parte urte osoan zehar.
Irailetik martxora bitartean, Ezker Hormako txapelketetan jokatzen dute: irailetik urrira bitartean, Nagusien Gipuzkoako Txapelketan; urritik abendura bitartean, jubenilen txapelketan; eta urritik abendura bitartean baita ere, federazioaren ekimenez sortutako Emakumea Pilotari sailean. Azken honen garrantzia nabarmentzekoa dela aipatzen dute taldekideek, maila eskolarrean, federatuenean eta aisialdian pelota modalitate ezberdinetan aritzen diren emakumeen txapelketak bultzatzen dituelako ekimenak.
Txapelketa horiek amaitzean, Euskal Herriko kluben arteko Txapelketa hasten da, eta bertatik, Kutxa Saria eta Euskal Herriko irekia jokatzera iristen dira. Azkenik, apiriletik maiatzera bitartean, GRAVN txapelketa jokatzen da. Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako kluben ordezkariak izaten dira bertan, eta Hernaniko Palisten esanetan, nabarmentzekoa da, Gipuzkoako ordezkari gehienak Hernanikoak izaten direla.
Bestalde, martxoan Trinkete txapelketak jokatzen hasten dira. Hemen ere, Gipuzkoako kluben artekoa, Emakumea Pilotari sailekoa, Euskal Herrikoa eta GRAVN Txapelketa jokatzen dituzte.
Hernaniko Palistek azken 3 denboraldiak oso onak izan direla nabarmentzen dute. «Hernaniko jokalariak final guztietara iristen ari dira. Jubenilen taldea oso ona da eta horietako askok lehen mailan jokatzen dute», azpimarratu dute. Nagusietan ere, goi-mailako jokalariak dituzte, EAEko Txapelketetara iristen direnak. «Azken batean, Herriarteko Txapelketan jokatzeko maila duen klub bakarra da gurea».
Taldearen izaera
sendotzea helburu
Denboraldi honetatik aurrera sail propioa izateko eskaera, helburu jakin batzuk lortzeko egin dutela adierazi dute Hernaniko Palistek.
«Taldeak bere tokia badu. Ez da kasualitatea 24 fitxa izatea. Lan haundia egin da, eta orain, taldea sendotu eta beste ikuspegi batetik hartzea da gure asmoa. Gure izaera badugu, eta orain, beste askatasun bat izango dugu, gure buruaren jabe izango gara, eta kudeaketa eredu dinamikoagoa eta parte hartzaileagoa bultzatuko dugu».
Bestalde, federatutako jokalariez gain, aisialdi moduan palan aritzen direnek osatutako taldea eta Pala Eskola indartzea dituzte helburu. «Pala Eskola urtarrilean jartzen dugu martxan, 9-10 urte inguruko haurrentzat. Ezinbestekoa da hau, Klubeko harrobia bertan baitago».
Hurrengo erronka, toki gehiago lortzea izango dute. Oraingoz, Hernaniko Kiroldegiko frontoian 6 ordu dituzte federatuek, eta 2 infantilek. Federazioak berriz, teknifikazio orduak ematen dizkiete goi-maila hartu nahi dutenei, eta ia jubenil guztiek aprobetxatzen dute aukera. «Ereñotzun frontoia egingo dela ere entzun dugu, eta aprobetxau egingo dugu!».
ASTEBURUKO PARTIDUAK
GOMAZKO PALETAN:
Gaur, 10:30etan Zarautzen, Nagusien 2. maila: Zarautz-Hernani.
Gaur, 17:00etan Anoetan, Nagusien 1. maila: Suberri-Hernani.
Bihar, 11:00etan Orion, Nagusien 2. maila: Orio-Hernani.
Gaur, 11:00etan Orion, Nagusien 1. maila: Orio-Hernani.