Mendiriz Mendik hilabete honetan proposatutako gailurra Iraun di da. Aralarreko hego-ekialdean dago kokatua. Mendia ez da oso ezaguna, nahiz eta Euskal Gailurren Federazioak zerrendatua duen. Gailurra baso barruan dago, haitz batzuen gainean eta, eguraldi onarekin ere, zaila izaten da aurkitzea. Erliebearen uniformitateak eta pagadiak erraztu egiten dute orientazioa galtzea behe-lainoa dagoenean; eta ohikoa izaten da gailurra ez aurkitzea. Horrelako giroarekin derrigorrezkoak dira mapa eta iparrorratza eramatea, edo GPSa erabiltzea.
Dolina, zula eta simaz josia
Inguru hau, Aralar guztia bezala, eremu karstikoa denez dolina, zulo eta simaz josia dago. Kontuz ibili behar da.
Gailurra baso erdian badago ere, tontorra izanik, bista politak ditu inguruko mendi eta bailaretara. Aurrean Andia mendizerra ikusten da eta bere ezkerreko ertzean Txurregi gailur laua. Gailurretik ere, eskuin aldera, Aralarreko Santutegiaren alboan dagoen Altxueta gailurra ikusten da, bera itsusten duten antenekin. Ekialdera ere, Larraun bailararen zatitxo bat eta Erga mendia ikusten dira.
Ibilbide honetan, Nafarroa osoan aurki daitezkeen trikuharriak topatuko ditugu: Larrazpileko trikuharria. Aurreko irtenaldi batean bisitatu genuen, baina inguru hauetan ibiliz derrigorrezkoa da horrelako ondare kultural aberasgarri eta ederrari bisitatxo bat egitea. Oso ongi kontserbatuta dago eta ezaugarri arkitektoniko bereziak ditu. Monumentu megalitiko hau brontze garaikoa da, kristo aurretik 2000 urte ingurukoa. Trikuharriak 22 metroko diametroa eta 3 metroko altuera ditu.
Ibilbidearen bukaeran Santiago de Itxasperriko baseliza dago, Egiarreta herria zeharkatu eta bostehun metro aurrerago joanda. XIII. mendearen lehenengo erdialdean eraikia izan zen eta erromaniko azken garaikoa da. 1430garren urteko gudan Gaztelakoek baseliza erre egin zuten. Ezaugarri berezienak leiho obalatuak eta aurreko ataria dira.
Nondik hasi ibilbidea
Zelaigunearen ezkerraldean pista bat jaiotzen da. Guk Aralarri bira ematen dion GR-20 ibilbidea hartuko dugu. Pistak iparekialdera egiten du. Bostehun metro eskas egin ondoren pista utzi eta basoan sartuko gara, pagoen artean; bideak Hego ekialdera egiten du. Markak jarraituz baso barruan ibiliko gara. Batzuetan basotik irtengo gara, baina beti tarte txikiak egiteko izango da.
Bidean aurrera goazela, Astizetik datorren pistarekin egingo dugu topo. Markak jarraitu eta berriro basoan sartuko gara. Horrela jarraituko dugu Goldaraz (743 m) herriko inguruetan dauden soroetara iritsi arte. Herri bertatik ez gara pasatuko. Bidea apur bat goragotik igarotzen da.
Goldaraz igaro ondoren, GRko markak jarraituz, basoan sartuko gara berriro, eta Iraundi eta Larrazpilen artean dagoen baso eremura hurbilduko gara. Ezkerrera joz Larrazpil gailurra egiten da, eskuinera aldiz Iraundi. Marka horri eta zuriei jarraituz, berehala gara gailurra osatzen duten haitzen oinetan. Harkaitzetatik igo eta gailurrera igoko gara. Gertu bertize geodesiko bat dago. Inguruan, basoan galduta, eki-mendebaldera Larrazpil (1.066 m) eta ipar-mendebaldera Alitza (1.067 m) gailurrak daude. Lehenengo horretara elkarteak irtenaldia egin zuen 2009ko urrian.
Gailurretik behera, basoan barrena
Gailurretik jaisterakoan basoan sartuko gara berriz ere. Hego aldera joz, basotik irten eta gero, Larrazpileko trikuharria dagoen lekura hurbilduko gara. Bertatik mendebaldera egin behar da. Berriro ere basoan sartzerakoan hego aldera jo behar da. GR markak jarraituz, Madotzeko mendate gainera iritsiko gara. Egiarretara jaitsiko gaituen bidezorra aurkitzeko, goazen errepidetik bostehun metro inguru, Sakana aldera hartu behar da. Bidezidorrak berehala utziko gaitu herriko atarian.
Herrira iristerakoan, zeharkatu eta errepidetik aurrera jarraitu behar da. Ibilbidea Santiago de Itxasperriko baselizan eta bere inguruko atseden-lekuan bukatzen da.
Datu interesgarriak
Distantzia: 12-14 Km.
Denbora: 4-5 ordu.
Desnibela: 500 m.
Gailurrik altuena: Iraundi (1.066 m).
Zailtasuna: Zailtasuna berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik urriak 21ean egingo du irteera hau.