«Enpresa hau bideragarria da, ez dugu ulertzen nola eraman gaituzten egoera honetara»

Kronika - Erredakzioa 2012ko urr. 6a, 02:00

Hernanin bada, Florida po­ligonoan Landare parean, tisu paper industriala egiten duen enpresa bat: Gureola Celulo­sas de Hernani S.A. Gureola 1912 urtean jarri zen martxan, beraz, aurten 100 urte bete­tzen ditu. Horrek ospakizunetarako kontua izan beharko luke, baina bestelako egoera bizi du enpresak: abuztutik produkzioa geldituta, enpresa hartzekodunen prekonkurtsoan, langileak mobilizazioetan, 47 familiaren etorkizuna jokoan... Kronikak Gureolako komi­te­a­rekin, hau da, langileen or­dez­kari­tzarekin hitz egiteko auke­ra izan du. Gu­reolaren egoera ezagutzeko aukera ere izan du bertatik. Enpresak, berriz, ez du adierazpenik egin nahi izan.

«30 lanpostu gehiago sortuko omen zituzten»
Gorka Olazabal Gureolako langileen ordezkariak azaldutakoaren arabera, 2010 urte bukaeran-2011 urte hasieran, bi en­pre­saren esku geratu zen Gu­reola. Gure Tissue eta Web Ray dira enpresa horiek. Fernand Brule kanadarraren esku dago lehenengoa eta bigarrena Alex Artaza bilbotarraren esku. Langileen ordezkariak dioenez, sekulako proiektu eta ideiekin hartu zu­ten Gureola, baina ez dira gauzatzen joan. «Garai har­­tan en­­presa ez zegoen egoera onenean, baina martxan zegoen eta beraien proiektuekin lasaitu egin ginen. 30 lanpostu gehiago sor­­tuko zituztela ere esan zu­ten». Uholdeak ere izan dira bitarte honetan (2011-11-06) eta se­ku­lako triskantza eragin dutela na­barmendu du langileen or­dez­kariak. «Me­­tro eta erdi inguru hartu zuen urak eta leku ba­tzuk erabat. Makina nagusia ere izorratu egin zen. Hiru astez gel­di­rik egon zen produkzioa, baina gu bertan aritu ginen garbiketa lanetan. Hiru astetan mar­txan gi­nen berriz, baina han­dik aurre­ra enpresa gainbeheran hasi zen». Langileen or­dezka­riaren esanetan, efektibo ga­be geratu zen enpresa eta Cell­Mark finantziera suediarrarekin hasi zen lanean. «Hark eros­ten zuen materia prima eta %5 ga­res­tiago saltzen zigun. Ondo­ren, hemen landutako pro­duktua ere berak saltzen zuen eta bertatik beste %5 hartzen zuen. Beraz, Gu­reolari %10e­ko galera eragiten zion», dio.

Oinarrizko materialik gabe, San Joan inguruan
San Joan inguruan hasi ziren kezkatzen langileak. «Oinarriz­ko materiala falta zela konturatu ginen: enbalatzeko plastikoa, produktu kimikoak, mandrilak (papera biltzen den erdiko kartoia), zeloa… Soldatak atzeratu ziren eta uztailaren 27an bilera egin genuen. 15 eguneko geldialdi teknikoa egingo zela esan ziguten. Seguruei lepora­tzen zieten egoera horretan egotea». Uztailaren 28an, berriz, ar­gia mozteko arriskua zegoela jakin zuten. Azkenean, Iber­dro­lak moratoria bat eman zien abuztuaren 1 arte. «Baina abuztuaren 1a iritsi zen eta enpresak likideziarik ez zuenez, argia moztu ziguten. Ordutik argirik gabe gaude», azaldu du Olaza­balek. Momentu hartan nagusirik ez zegoela eta zer egin ez zekitela geratu ziren langileak. «Azkenean, oporretara joateko ordena eman ziguten, baina asan­bladan erabaki genuen ezetz, bertan jarraituko genuela. Ez genion oporrik zor nahi enpresari».

Uztailetik hartzekodunen prekonkurtsoan
Nagusiak pixkanaka azaltzen joan ziren eta langileek jakin zu­ten Gureola hartzekodunen pre­konkurtsoan zegoela uztailetik. «Uztailaren 27an egin ge­nuen bilera baino lehenagotik zegoen prekonkurtsoan eta ez ziguten ezer esan», dio langileen ordezkariak. Horrek esan nahi du, Gureolak 4 hilabete dituela egoerari buelta emateko, hartzekodunen konkurtsoan deklaratu aurretik. Horre­tarako, daukan zor guztiaren %60a negoziatu beharko luke, hau da, hartzekodunekin akordio batera iritsi. Horrez gain, enpresak martxan egon beharko luke. Azaroaren 26an bukatzen da epea.

Bitartean, langileak zaintza lanak egiten
Gureolako produkzioa abuztuan gelditu zen eta langileek zaintza lanak egiteari ekin zioten, lapurretak eragozteko. Sol­datarik jaso gabe aritu ziren la­nean. «Enpresak ofizialki zor diz­­kigu uztaileko soldataren %10, abuztua osoa eta irailaren 17ra artekoa», dio langileen or­dezkariak. Irailaren 17tik ERE­an dago enpresa eta parotik ko­bratzeko aukera badute behin-tzat. Orain, bikoteka banatu di­ra 8 orduko zaintza lanak egiteko. Egunez nahiko ondo moldatzen direla diote, baina gauez beldurra pasatzen dutela, ilun baitago dena. Eta halaxe dela konprobatu ahal izan du Kro­ni­kak. Han ez da ez argirik, ez ga­sik, ez mugimendurik. Arra­tsal­de­ko 19:00etan, kanpoan argia egon arren oraindik, Gureola ba­rruan leku ilunak dira nagusi, 3 pisuko eraikinean. «Bi or­du­ro bueltaxka bat ematen du­gu eraikinean zehar eta beldurra ematen du. Enpresa mar­txan zegoen garaian, lanean ari ginen egun batean lapurtzera sartu ziren eta orain errazago dute».

Zorra laukoiztu, urte eta erdian
Langileek ez dute ulertzen zer gertatu den. «Gureola bideragarria da. Krisiak eragina izan du, baina ez hainbeste eta en­presa honek aurrera egiteko aukera zuen ondo gestionatu izan balitz. Ez dakigu zer gertatu den, baina urte eta erdian en­presaren zorra laukoiztu egin du­te». Gainera, gehien produzitu duten urtea izateagatik zo­riondu dituzte aurten langileak.

Lehenbailehen argitzeko gogoz
Langileak lehenbailehen zer gertatuko den jakiteko gogoz daude. «Bi aukera daude: en­presa hartzekodunekin akordio batera iristea eta martxan jar­tzea, edo ez lortzea akordiorik eta konkurtsoan deklara­tzea». Azken kasu horretan, bide judiziala irekiko litzateke. «Kon­kur­tsoan sartzen bada, %99ko aukera dago finikitatzeko. Or­du­an, langileok parora joango ginateke. Eta seguruena, enpresa subastatu egingo litzateke, osorik edo zatika».

47 familiaren etorkizuna jokoan: erdiak hernaniarrak, gazteak, ume txikiekin…
Gureolak 47 langile ditu. Ho­rietatik 20tik gora hernaniarrak dira eta gehienak gazteak eta seme-alaba txikiak dituztenak. «28-40 urte arte­ko­ak gara gehienak eta 4 urtetan 8 ume in­guru jaio dira, behintzat. Bi ur­teko hirukiak ere badira tartean», dio langileen ordezkariak. 47 familiaren etorkizuna da­­go jokoan eta bitartean ahal dutena egiten ari dira. Mobili­za­zioak ere bai. As­tearte eta ostegunero Zinkoenean kon­tzen­trazioa egiten dute 12:30e­tatik 13:00etara, konponbide eske. Olazabal pozik dago behintzat langileen artean bat egitea lortu dutelako eta baita sindikatuek ere. «LABek du gehiengo sindikala, ELAk sekzio sindikala du eta CCOOeko batzuk badira eta denak bide berean ari gara borrokan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!