BI urtetik behin etortzen da Angel Olaran Hernanira, Wukrotik, deskantsatu, bertako lagunak eta familia bisitatu, eta hango egoera eta proiektuen berri emateko asmoarekin. Joan den astean iritsi zen, eta Elkartarsun Jardunaldien barruan, hernaniarrekin bildu zen herenegun. Hitzaldia eman zuen Biteriko areto nagusian, eta leporaino bete zen; hernaniarrak azken nobedadeak entzuteko gogoz ziren. Esker hitzekin hasi zen, esanaz, hernaniarren laguntza ezinbestekoa dela Wukron dituen proiektu asko eta asko aurrera ateratzeko: «misiolari bezala onartu ninduten lehendabizi Wukron, eta denborarekin, pertsona bezala hartu naute, etxean bezela sentitzen naiz. Eta zuek hemen egiten duzuen guztiak badu zerikusia beraiek emandako pausu horrekin». Hernaniarrek era askotara laguntzen dutela gogoratu zuen, eta GKE sortu izanaren garrantzia ere azpimarratu zuen. Baina aipamen berezia egin zuen herritarrek egiten duten diru donazioaren inguruan: «batzuek 5 euro, besteak 15, eta besteak 100. Bakoitzak ahal duena aportatzen du. Baina jakin ezazue, tanta batek, eta beste batek, asko egiten dutela. Urtean 80.000 euro inguru biltzen ditugu kutxako kontu zenbakian, donazioei esker, eta hori, diru asko da. Eskerrik asko».
Basoak biziberritzeko dirulaguntza, Udalari
Olaranek aipatu bezala, Hernani Wukrorekin Gobernuz Kanpoko Erakunde gisa erregistratu izana garrantzitsua izango da etorkizunera begira. Erakundeek ematen dituzten dirulaguntzak eskatzeko balio izango du, besteak beste. Eskuartean, badute eskaera bat, Hernaniko Udalari egingo diotena. Olaranek Wukron dituen proiektuetako bat da basoak biziberritzearena. Hernaniko Udalari proiektu hori diruz laguntzeko eskaera egingo dio GKEk.
Urtean hiru uzta,
urtegi berriarei esker
Urtegi bat egin berri dute Wukron, eta Olaranek emozioarekin eman zuen honek suposatu duen aurrerapenaren berri: «urtegi honi esker urtean bi edo hiru uzta izango ditugu. 750.000 eta 1.000.000 metro3 ur biltzen dira bertan, eta horrekin, 10 hektarea ureztatzen ditugu».
Wukron, helburua nagusia egunero jatekoa izatea da, eta urtegiak eguneroko otordu hori ziurtatuko ez badute ere, asko lagunduko diete bertako familiei; hala adierazi zuen Olaranek.
«Wukroko eztia oso ona da, eta ondo saltzen da»
Erlauntzen proiektuari ere garrantzi haundia eman zion Olaranek hitzaldian. 15 kooperatiba inguru dituztela azaldu zuen, eta bertan ekoiztutako eztia saldu egiten dutela: «oso estimatua da Wukroko eztia txuria. Eta bertatik ateratzen dugun dirua, zeresanik ez. Eskolako gastuak ordaintzeko, irakasleei pagatzeko... oso baliagarria da diru sarrera hori».
300 neska-mutil, eskolan
Bide batez, gogoratu zuen Eskolaren proiektuak duen inportantzia. 300 neska-mutil inguruk ikasten dute bertan, eta Etiopiako erreferentzia direla ere, aipatu zuen: «gure gazte gehienek ikasketak bukatzen dituzte, unibertsitatera joaten dira edo ofizioren bat ikasten dute. Eta beraientzat bakarrik ez, herrialdearentzat ere garantia bat dira gazte hauek, etorkizuna baitira».
Umezurtzak, eta 0-5 urte bitarteko umeen elikadura
Umeekin zerikusi zuzena duten beste bi proiektu ere azaldu zituen. Guraso edo aita gabe dauden umeei eskola, elikadura, edukazioa... ematen diete, 20-25 urteak bete arte. Eta 0-5 urte bitarteko umeei elikadura ziurtatzeko proiektu bat ere badute martxan. 400 ume inguru laguntzen dituzte, pisatu, neurtu eta behar duten papilla emanda. Laguntza jasotzen dute pisu idealaren %80ra iritsi arte.