Hernaniko EAJ-PNV alderdiak prentsa ohar bidez salatu du, irailaren 25eko Plenoan aurkeztu zuen mozioa ez onartu izana. Mozio hartan eskatzen zuen, Hernaniko harrobi, koba eta meategi guztiak zabor-fardoen biltegi modura ez erabiltzea, bere esanetan, horretarako arriskua baitago Santa Barbarako harrobian, Gipuzkoako Hondakinen plan berria dela eta.
Andoni Amonarraiz alderdiko bozeramaileak honakoa gaineratu du: «Bilduk gehiengo osoa izanda, alkateak azaldu zuen, herriko lekuren bat okupatzeko eskaera iristen bada aztertuko dutela. Argi dago goitik esaten dietenaren menpe daudela eta ez dutela kriterio argirik gaiaren inguruan».
Amonarraizek argi utzi nahi die herritarrei, hondakinen gestioari lotuta, EAJ-PNVk lan egingo duela zabortegi gehiago ez sortzeko eta horiek Hernanin ez egoteko.