Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Diputazioko hainbat ordezkari Biteri kultur etxean izan ziren astelehenean, Buruntzaldeko herritarren ekarpenak jasotzen. Diputazioa 2013ko aurrekontuak prestatzen ari da eta eskualdeka bilerak egiten ari da herritarrek zer iritzi duten jakiteko.
Bi gai nagusitan oinarritu zen bilera: Garapen ekonomikoa eta fiskalitatea, alde batetik; eta Gizarte politika, bestetik. «Krisi garai honetan oso garrantzitsua da garapen ekonomikoa eta fiskalitatea. Eta krisiak sekulako eragina du gizarte politikan jendeak gero eta laguntza gehiago behar baitu. Horregatik aukeratu ditugu bi gai horiek», azaldu zuen Diputatu Nagusiak.
Gauzak beste modu batera egiteko asmoz iritsi zirela agintera azaldu zuen eta horretan ari direla. «Aurrekontuak herritarren partehartzearekin prestatzeak sekulako garrantzia du. Iaz ezin izan genuen egin, baina aurten beste pauso bat eman dugu». Aurreratu zuen iaz baino diru gutxiago izango duela Diputazioak eta erronka argia duela: «diru gutxiagorekin gauza gehiago egitea, optimizatzea. Horregatik horrelako lanketa beharrezkoa da».
Ondorioak, emailez
Diputazioko ordezkariek herritarren ekarpenak bildu zituzten astelehenean eta gainerako herrietan egindako bileretakoak ere biltzen ari dira. Gaur du azken bilera Donostian eta ondorioak emailez jakinaraziko dizkiete parte hartu duten herritarrei.