Hernaniko Udalak auzoz auzoko informazio bilera erronda abiatu du. Ostegun iluntzean Antziolan egindako bilerarekin abiatu da bilera erronda eta bihar Karabelgo auzotarren txanda izango da. Hitzordua 19:30etan jarri dute, auzo elkartean. Udalak otsailean egin zuen moduan, bigarren txanda honetan, Udalaren informazioa emateaz gain, herritarren ikuspegia eta zalantzak bilduko ditu eta datorren urtertarako egitasmoen iritziak ere jasoko ditu. Bertan, aurreko bilerako gaien jarraipena egingo da, 2013ko udal aurrekontuak aurkeztuko dira eta Hernani Parte-hartzea (auzoen biziberritze asmoak lantzeko eratua) batzordearen berri emango da. Udalak herritarren parte hartzearen garrantzia azpimarratzen du eta inbertsioei buruz herritar guztiek duten iritzia jaso nahi du.
Zikuñagan, astelehenean
Hurrengo bilera Zikuñaga auzoan izango da. Urriaren 8an, 19:30etan, auzo elkartean. Gainerako bileren datak zehazteko daude.