Joan den asteko garaipenarekin indartuta, Andaluziako hiriburuan dira gaur Hernaniko mutilak. Ciencias talde historikoa izango dute aurrean, ondo ezaguna, elkarren kontra play-offetan neurtu izan baitituzte indarrak. Hernaniarrak atzo abiatu ziren Andaluziara, duten guztia eman eta esku hutsik ez bueltatzeko intentzioarekin.
Ciencias, aurrean indar
asko duen taldea
Ciencias taldekoek fitxaketa ugari egin zituzten mailaz igo zirenean, baina azken urteetan, harrobiko jokalariak dira taldeko oinarria eta protagonista.
Euren ezaugarri nagusienetako bat da aurrelarien jokoan oinarritu, eta indarraz baliatzen direla. Entrenatzaile aldaketa medio, azken hilabeteetan joko dinamikoagoaren bila lanean ari dira. Orain arte jokatutako bi partiduak galdu egin dituzte, VRAC eta Santboianaren kontra.
Partidua ikusgai
satelite bidez
edo interneten
Partidua Sevillako La Cartuja zelaian jokatuko da, eguerdiko 12:00etan. Bertara joaterik izan ez dutenek satelite bidezko (Euskaltel, Imagenio...) telebistan ikusteko aukera izango dute; Andalucia Television kanalean botako baitute.
Horrez gain, interneten ikusteko aukera ere izango da, www.canalsuralacarta.es web orrian.