Hernanik bake epaile berria du, Xabier Iradi. Astearteko Plenoan jakinarazi zuten; eta ordezkoa Iker Blas izango dela ere, zehaztu zuten. Disponibilitatea, aurkeztu izanaren arrazoia, lanerako duen ezagutza, izango duen dedikazioa... Hori eta beste hainbat puntu izan dituzte kontuan bake epaile berria aukeratzeko. Puntu hori, Plenoan bozkatu edo aztergai izan ziren 19etako bat izan zen. Besteak beste, hauteskundeetako mahaikideak, Karabelgo Plan berezia eta hiru mozio ere, izan zituzten erabakigai.
Zozketa, egina
Urrian izango diren hauteskudeetarako mahaikideak zozketatu ziren Pleno hasieran. Tokatu zaienek datozen egunetan jasako dute abisua etxean.
Karabelgo hiri
antolamendua, onartua
Karabelen uholdeak saihesteko zubi berria, etxebizitzak egitea, errepideen norabide aldaketak eta beste hainbat obra aurreikusita daude; hau da, hiri antolamendu berria. Plenoak behin betiko onarpena eman zion obra-planari, eta datozen hilabeteetan hasiko dira obrak.
PSE-EEren mozioa
ez zen onartu
Alderdi sozialistak Hernaniko bere egoitzan agertu ziren pintaden inguruko mozioa aurkeztu zuen. Bertan, eskatzen zuten, balorazio politikoak alde batera utzita, Udalak eta alderdi politikoek salatzea egoitzan azaldu ziren pintadak. EAJ-PNV, Hamaikabat eta PSE-EEk alde bozkatu zuten; eta Gobernu Taldeak kontra. Azken hauek beste mozio bat aurkeztu zuten, puntu hori bera barneratuta.
Bilduren mozioa,
onartua
Normalizazio politikorako beharreko urratsak izenburupean, eta PSE-EEk mozioan aurkeztutakoa barneratuta, beste mozio bat aurkeztu zuen Bilduk. Bertan eskatzen zen preso dauden eta gaixotasun larri eta sendaezina duten presoak baldintzapean askatzea, tartean, Gari Arruarte; Parot doktrina ezabatzea; eta espainiar estatuari gazteen jazarpenarekin eta epaiketa politikoarekin bukatzea. Bildu eta EAJ-PNVren aldeko botuekin onartu zen, eta PSE-EE eta Hamaikabat abstenitu egin ziren.
EAJ-PNVrena ez zen onartu
Santa Barbarako harrobia zabor-fardo biltegi bezala ez erabiltzea eskatzen zuen EAJ-PNVk aurkeztuako mozioan, besteak beste. Gobernu Taldeak azaldu zuen Udalak hitzarmen bat baduela harrobia lurrez betetzeko, eta hori dela asmoa; hau da, ez zabor-fardoekin betetzea. Bilduk aurka bozkatu zuen, eta ez zen onartu; beste guztiek, alde.