euskal Herrian murrizketarik ez lemapean, Greba Orokorra deitu dute bihar Euskal Herriko sindikatu gehienek: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Herritarrei grebarekin bat egin, eta egun horretan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute. Manifestazio nagusia hiru zutabetan aterako da, Donostian, eta Hernaniko bizilagunei Anoeta estadioko irteerara gerturatzeko deia egin diete; manifestazioa goizeko 11:30etan abiatuko da. Arratsaldean berriz, eskualdeetan egingo dira manifestazioak; Buruntzaldean, Hernanin, Andoainen eta Lasarten. Hernaniko manifestazioa 18:00etan aterako da, Plazatik.
«Gure eskubide sozial eta laboralen lapurreta da»
ELA eta LAB sindikatuek prentsaurrekoa eman zuten ostiralean, Grebaren arrazoiak eman, eta herritarrei deialdia egiteko. Bertan azaldu zuten, Rajoyren Gobernuak inposatu nahi dituen murrizketa eta neurri basatiak lapurreta berri bat direla herritarrentzat, hauen eskubide sozial eta laboralak murrizten baitituzte: «prestazioak murrizten dira, langabeziako laguntzak kendu nahi dituzte, BEZa igotzen dute, sektore publikoa pribatizatzen dute, enplegua suntsitzen dute, menpekotasuna duten pertsonak bertan behera uzten dituzte... eta guzti hau helburu bakarrarekin: egin duten zuloa guk estaltzea». Bi sindikatuek azaldu zuten, inoiz ikusi den iruzurrik haundienaren aurrean gaudela, eta bankuei emateko diru publikoa dagoen bitartean, krisiak jarraitu egingo duela.
«Pobreziara kondenatuta»
Murrizketa hauek pobreziara kondenatzen gaituztela diote, eta hau ez dela bide bakarra gogoratu nahi dute: «bada garaia Euskal Herrian beste eredu baten alde egiteko. Gizartearen partehartzean oinarritutako eredua, eta ez bankak eta multinazionalek agintzen dutenean oinarritua. Zerbitzu publikoak benetan publikoak izan behar dira, unibertsalak eta doakoak. Azken finean, ekonomia pertsonen zerbitzura jarriko duen eredua, eta ez merkatuen zerbitzura jarriko duena». Euskal Herriko instituzioek planto egiteko ordua iritsi dela azaldu zuten: «bada ordua Euskal Herrian, murrizketa eta neurri antisozialak aplikatuko ez direla esateko».
«Enpresa gehienek, baiezkoa»
Enpresetan egiten ari diren bozketetan emaitza ona ari dela izaten azaldu zuten, eta AMR, UBIS eta Garbitania bezelako enpresek bat egin dutela deialdiarekin.
Udal langileak, greban
Udaleko eta Ongintzako langileek grebarekin bat egin dutela azaldu dute, Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Ezarritako gutxieneko zerbitzuak, hauek dira: udaltzaingo zerbitzua, osotasunean; sarrera erregistroa goizean, udaltzaingoan; eta hilobiratze zerbitzua. Oharrean herritarrak gonbidatu dituzte mobilizazioetan parte hartzera.
Atez atekoa: papera ez dute jasoko
Hondakina biltzen duten langileek bat egin dute grebarekin, eta Udalak azaldu duenez, egun horretan ez da bilketarik egingo. Beraz, eta greba 00:00etan hasten dela kontuan izanda, bizilagunei eskatu diete papera ez ateratzeko. Bestalde, gogoratu dute asteazkenean organikoa normaltasunez jasoko dutela.
Kronikarik, ez
Dobera-Kronikako langileek bat egin dute greba deialdiarekin, eta bihar, asteazkena, ez da Kronikarik izango.