Wukro herriarekin elkartasunez, jardunaldi bereziak izango dira aurtengoak

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 24a, 02:00

Urtero bezala, Hernani Wu­krorekin taldeak elkartasun jardunaldiak antolatu ditu. Baina aurtengoak bereziak izango dira; izan ere, taldea Gobernuz Kanpoko Era­kunde (ONG) gisa erregistratu zen maiatzean eta horrez gain, Angel Olaran Wukrora iritsi zela 20 urte betetzen dira aurten. Hori horrela, aurtengo jardunaldietan Hernani eta hernaniarrak protagonista iza­tea nahi dute Hernani Wukrorekin taldeko kideek. Hala azaldu zuten ostiralean prentsaurrean: «Hernanik orain arte azaldu duen elkartasuna plazara atera nahi dugu eta herri guztia protagonista izatea nahi dugu».
Jardunaldiak urriaren 3, 5, 6 eta 7an izango dira. Egun nagusia, 6an, larunbatean izan­go da: haur jokuak, olinpiada txikiak, bertsoak, kontzertuak... Gaine­ra­­koan izango dira: Olaranen hitzaldia, argazki erakusketa eta elkartasun bazkaria.

Angel Olaran, Hernanin
Angel Olaran Aita Zuria Her­nanin izango da aurtengo jardunaldietan. Urriaren 3an hi­tzaldia emango du. Etiopia­ko errealitatea eta Wukron egiten ari diren aurrerapausoei buruz ariko da, 19:00etan Biterin.

GKEk bi helburu
Hernani Wukorekin taldeak iaz erabaki zuen taldea GKE gisa erregistratzea, Udaleko Kooperazio Taldearekin hitz egin ostean. Orain, besteak beste, Wukrori laguntzeko proiektuak zuzenean aurkeztu ditzake instituzioetan. GKEk bi helburu ditu: alde batetik, Angel Olaranek Wukron di­tu­en kooperazio proiektuei la­guntza ematea; eta bestetik, Hernani eta Wukro herrien arteko harremanak sendotzea, batez ere gazteen artekoak.

Bazkariko txartelak salgai
Urriaren 7an, igandean, elkartasun bazkaria izango da eta gogorarazi dute txartelak salgai daudela Iruretagoyena dendan eta Miguel Lujanbiok ere badituela. Ostegunetan ere ferian postua jarriko da txartelak salduz eta baita beste produktuak ere. Bazkariaren prezioa: 22 euro.
Bestalde, Wu­kro­ko umezurtzen aldeko proiektuei diru laguntza emateko kontua: 2101 0041 08 0010282606.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!