«Dena espero bezala baldin badoa, urriaren 1ean hasiko dira kiroldegiko ikastaroak»

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 23a, 02:00

KIROLDEGIKO ikastaroak atzeratu egin dira aurten, emango dituen enpresa kontratatzerako orduan arazoak izan direlako. Zein da egoera?
Bilduko gobernu taldeak ikastaroak ateratzeko borondate ar­gia izan du baina gizartean bizi dugun egoera kontutan izanik arduraz jokatu behar izan du­gu. Prozesua korapila­tsua izan da. Hala ere, ikastaroak berehala martxan izango direlakoan nago. Deialdi berria egin dugu, eta gauzak espero bezala badoaz, urriaren 1ean hasiko dira ikastaroak. Badakit zenbait herritarrentzat trastornoa izan dela ikastaroen atzerapena. Dena dela, Udaleko Go­­ber­nu taldeak  azpimarratu nahi du emandako konponbidea ona dela herritarrentzat, Uda­la­rentzat eta enpresarentzat.

Kirol patronatua desegin egin zen joan den legegintzaldian. Hartu beharreko erabakia izan al zen? Praktikan, zer aldatu da?

Esan bezala, aurreko legegin­tzaldian hartutako erabaki bat izan zen, eta ez daukat horren inguruko datu askorik. Alderdi politiko guztien adostasunarekin onartu zen; eta horrek zerbait adierazten du.
Aldaketei dagokienean, herritarrei ez dut uste  ezertan eragin dienik. Kirol saileko langileek aldiz, nabaritu dute aldaketa. Lehen, Pa­tronatuan, autonomia gehiagorekin egiten zen lana, eta orain, Udalaren beste sail bat dira; beraz, hainbat gai Uda­letik kudeatzen dira.

Kirol zinegotzi zaren
heinean, zeintzuk dira zure ustez kirol politika on baten klabeak?

Kirol politikaren ardatz nagusienetako bat partehartzea dela uste dut. Askotan, egiten den jarduera ebaluatzen da;  eta nire ustez, kirola egiten den edo ez aztertu behar da. Guztiek egin ahal izateko programak, ekintzak eta politikak bultzatu behar dira. Jarduera fisiko eta osasunaren aldetik lan gehiago egin beharko li­tzatekeela uste dut.
Emakumeen inguruan, ki­rol politika sendo eta aktiboak martxan jarri behar direla ere iruditzen zait, eta bide ho­rretan, lanean ari gara Berdintasun Sailarekin.
Adineko jendea ere kontuan hartu behar da. Hauen bizitzetan jarduera fisikoaren presentzia bermatu behar da. Kasu honetan, ongizate fisiko, psikologiko eta soziala lantzea oso garrantzitsua da.
Eta kirol federatuaren ka­suan, harremanak dira zaindu beharrekoak. Kasu honetan elkarteek lan haundia egiten dute, eta hori kontuan hartu behar da. Beraiekiko harremana indartu eta eraginkorra izan behar da, joan-etorrikoa.

Kirol federatua aipatu duzu. Azken urteetan hainbat talde
desagertu dira Hernanin. Uda­letik nola bizi duzue egoera?

Lehen esan dudan moduan, nire ikuspegia praktika edo kirol zehatzetatik haratago dijoa. Jarduera fisiko edo kirola egiten duten hala ez, horrek kezkatzen nau, ez horrenbeste zein jarduera. Elkarteren bat gainbeheran ikusteak kezka­tzen nau; horrek besteak beste suposatzen baitu, eskaintza bat gutxiago dagoela herrian. Azken finean eskaintza anitza izateak parte hartzea sustatuko duelako, baina noski, ditugun mugak kontutan izanda.

Batzorde berria eratu da
elkarte hauekin.

Bai, Kirol Federatuko Ba­tzorde bat sortu dugu, elkarteen arteko eta elkarte eta Udalaren arteko harremana sendotzeko. 22 elkarte daude herrian, eta deialdira ia guztiak azaldu ziren. Beraiek izendatu zuten ordezkaritza, eta horiek hilabetean behin elkartzen dira; sei elkartek osatzen dute. Lanean ari dira, bide onetik, gauza onak ari dira egiten; eta beraiek ere, modu positiboan baloratzen dute Batzordea.

Kiroldegiaren egoeraz
kexu dira asko.

Kexatzen den jendea, normalean, arrazoiarekin kexatzen da. 28 urte ditu kiroldegiak, eta bere kintakorik ez dago pro­bintzian, pentsa. Ez dago egoera onean, eta inbertsio potolo potolo bat eskatzen du; baina egoera ekonomikoa zein den badakigu. Etor­ki­zunera begira, lehenik eta behin zer nahiko genukeen hausnartu beharko litzatekeela uste dut, eta gero erabakiak hartu. Dena den, aurten lortu dugu teilatua aldatzea, eta hori ez da gutxi. Teilatu on batek ez du etorkizuneko proiekturik baldintzatzen.

Uda pasa berri da, eta igeri lekuak itxi dira. Errentagarriak ez direla diote askok. Zein da Udalaren balorazioa?
Datu zehatzik ez dugu oraindik, baina eguraldia lagun, u­dara ona izan da. Beste herrietatik ere gerturatu da jendea; horretan saiakera bat egin dugu beste Udalei informazioa helaraziz. Murrizketak ere izan dira aurten, igerilekuetan ere. Kexak jaso ditugu, baina ez dugu beste erremediorik izan. Datorren urtera begira kudeaketa hobeago bat izateko asmoa dugu. Eta errentagarria ote den? zerbi­tzu publikoak ezin dira bakarrik errentagarritasunaren ikuspegitik baloratu, zerbi­tzua osotasunean baloratu behar da; kiroldegiak esaterako,  gastu bat suposa­tzen dio herriari, baina hilabetean 30.000 pertsona sartzen direla esaten badizut, urtean 200.000! Jendeari ematen zaion zerbitzua kontuan izan behar da kasu hauetan.

Kirol taldeei harrerarik ez egiteko erabakia hartu du Udalak.
Zer dela eta?

Lehen aipatutako Batzor­dean jorratu genuen gaia, eta Kirol taldeen erabateko adostasunarekin, erabaki zen Udalak ez zuela harrerarik egingo. Beste ikuspegi bat eman nahi genion, eta erabaki da, urte bukaeran hi­ru sari ematea. Abenduaren 14an izango da, eta Batzordean dauden elkarteek erabakiko dute zeini eman. Sari hauekin taldeen lorpenak sarituko dira; baina baita talde horien alde lan egin duten pertsonak; edo bestelako lorpenak dituzten kirolariak. Lekua eman nahi zaie beste  kirol praktikei, atzean lanean ari direnei.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!