Iritsi da eguna. Hernanik gaur du debuta Landaren, Ohorezko A mailako talde gisa. Ilusioa eta gogoa nabari zaie Igor Genua eta Iraitz Garmendia kapitainei Kronikarekin egindako elkarrizketan. Hainbeste urtetan borrokatu ostean, lortu dute elitean jokatzea, eta gaur, etxeko afizioarekin disfrutatu nahi dute. Cisneros talde aski ezaguna izango dute aurrean, igoera faseko aurreneko saiakeran Hernani kanpoan utzi zuen talde madrildarra. Hortzak ondo estututa aterako dira zelaira, orduko arantza atera, eta bigarren garaipena eskuratzera. Partidua 18:00etan hasiko da, eta espero dute zelaia betetzea, jendea animatzera jaistea.
«Oso paretsu
ibiliko gara»
Ez dute ahaztu 2011ko martxoaren 18a; Landare festarako prest zen, igoera ospatzeko; baina Hernanik ezin izan zuen Cisnerosen kontrako kanporaketa gainditu. Eskarmenturako balio izan zien ordea porrot horrek; eta gaur badakite, dena emanez gero, garaipena euren esku egon daitekeela, hala diote Genua eta Garmendiak: «ondo ezagutzen dugu elkar eta desiatzen gaude orduko emaitzari buelta emateko. Gehiago egin genezakeenaren sentsazioarekin geratu ginen, eta gaur izango dugu hori erakusteko aukera. Oso paretsu ibiliko gara, taldeak antzekoak baitira»
Aurkarien pisua eta
erritmoa, bi diferentziak
Bi partidu jokatu dituzte gorengo mailan, eta diferentziak ateratzen hasita, bi aipatu dituzte kapitainek: «maila honetan, jokalarien fisikoa ezberdina da, pisuan alde nabarmena dago, eta hori kontaktuko jokaldietan nabaritzen da, txokean; eta erritmoa ere, biziagoa da».
«Entrenatu, borrokatu eta sorpresa eman»
Liga bi zatitan banatuta egongo dela diote; beraiek, Vigo, Cisneros... igo berriekin izango dutela lehia alegia; eta Gernika, Ordizi eta beste taldeek euren artean. Hala ere, ez dute amore emango, eta ahalik eta partidu gehien irabaztea dute helburu: «partidu guztietara borrokatzeko prest aterako gara. Ondo entrenatu eta jokoan dakiguna emango dugu; eta gainera sorpresa ematen badugu, hobe».
Etxeko afizioa, ezin hobea
Hernanik Landaren jokatzen duenean badu beste indar bat, afizioak ematen dion bultzada, eta aurkariek badakite. Kapitainek diote, aurkariek esan izan dietela Landare infernua dela, animoak, oihuak... oso gertu sentitzen direla.
Bazkide kanpaina
Landare leporaino bete zen igoerako partiduetan, eta bultzada horrek segiko duenaren esperantza du klubak. Hauei laguntzeko asmoz, bazkide kanpaina ere jarri dute martxan. Urteko 50 euroko bonoa ordaintzen dutenek, etxeko partiduetarako sarrera librea izango dute, eta Adarragako eta bi lagunentzako otordu baten zozketetan sartuko dira. 30 euroko bonoa ordainduta laguntzaile egiten direnek berriz, taldea ekonomikoki lagunduko dute, eta otordurako zozketetan sartuko dira.
Lau jokalari, selekzioarekin
Klubeko lau jokalari Espainiako selekzioarekin jokatzera deitu dituzte: Genua, Etxeberria, Oier eta Garmendia. Insausti hernaniarra ere, deitu dute.