Hernanin aukera zabala dago euskera ikasi, hobetu eta praktikatzeko. Helburu hori daukaten lau talde edo elkarte daude, bakoitza bere berezitasunekin. Alde batetik, bi euskaltegi daude: AEK eta Udal Euskaltegia. Bestetik, Dobera Euskara Elkartea. Eta horrez gain, Banaizbagara elkartea. Atzo, prentsaurrekoa eman zuten talde edo elkarte horietako ordezkariek eta Udal ordezkariek herrian dauden aukeren eta diru laguntzen berri emateko. Udal ordezkariek azaldu zuten pozgarria dela halako eskaintza zabala izatea eta bakoitzak bere aportazioa egitea Hernani euskaldunagoa izateko bidean. Horrez gain, azpimarratu zuten dakitenek erabiltzea zein garrantzitsua den: «Ez dakitenek ikasi eta hobetzea garrantzitsua da, baina dakigunok erabiltzea ere bai, ikasten ari diren horiei lagundu egiten baitiegu». Udalak %85 arteko diru laguntzak ematen dizkie langabetuei eta %65 artekoak lanean ari direnei.
Euskaltegietan, bakoitzaren beharretara egokitzen
AEKko eta Udal Euskaltegiko ordezkariek daukaten eskaintza zabalaren berri eman zuten: mailak, ordutegiak, aparteko ekintzak... Bi kasuetan nabarmendu zuten ikasleen helburuetara eta erritmora egokitutako eskaintza dutela.
Doberarekin, ‘Gure artean euskaraz’
Doberak hainbat egitasmo dauzka euskararen erabilera bultzatzeko eta horien artean azpimarratzekoa da Gure artean euskaraz. Egitasmo honen bidez, euskera praktikatu nahi duten herritarrak taldeka biltzen dira astean behin, ordubetez, euskeraz hitz egiteko. Tartean euskera menperatzen duen pertsona bat izaten da laguntzaile gisa. Dohainik da, jendeak borondatez hartzen du parte eta edozein momentutan eman daiteke izena. Aurten, ekimena guraso taldeetara zabaldu nahi dute, gurasoek joera hartu dezaten euren artean ere euskeraz egiteko eta ez bakarrik haurrekin.
Banaizbagararekin, euskera eta kulturak ezagutzen
Banaizbagara elkarteak, batez ere, etorkinekin lantzen du euskera, nahiz eta irekia izan. Bi talde ditu: ikastaldea eta mintzataldea. Mintzataldea larunbat arratsaldetan biltzen da Txema tabernan eta euskaldunei ere gonbitea luzatzen diete azaldu eta parte hartzeko, «euskera praktikatuz kultura ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera baitago».