«Garrantzitsuena euskara erabiltzea da, lotsak utzita»

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 20a, 02:00

Barry Manley irlandarra da jaiotzez, baina 25 urte da­ra­matza Euskal Herrian bizitzen. Hemengo hizkuntza eus­kara izanik, ikastea erabaki zuen. Duela 3-4 urtetatik bakarrizketak eskaintzen ditu herriz herri, euskara hutsean. Bihar Hernaniko Bodega tabernan izango da, 20:00etatik aurrera, AEKren eskutik.

PUBLIERREPORTAJEA

Barry Barrez Bakarrizketa eskainiko duzu bihar, zer aurkituko dugu bertan?
Ni irlandarra naiz eta euskara ikasi dut. AEKn aritu nintzen pixka batean eta gero Barnetegian izan nintzen Ondarroan. Baina orokorrean autoikaskuntza da nire me­todoa. Orduan nire euskara ikasteko prozesuaz hitz egin­go dut, eskusoinua ikasten ere ari naiz eta horretaz ere hitz egingo dut, baita euskaldunen eta irlandarren arteko berdintasun eta desberdintasunetaz, Patxi Lopezetaz... Eta guztia, umorea erabiliz. Barre eginaraztea da nire as­moa. Umorea oso garrantzitsua da. Eta nirekin batera, Aitor Baltziskueta izango da.


Nolatan hasi zinen euskarazko bakarrizketak egiten?
Irlandan oso ohikoak dira stand up comedy edo el club de la comedia bezalako emanaldiak. Hemen ordea, euskaraz oso gutxi egiten dira. Euskaldunon umorea bertsolaritzan lantzen da eta niri asko gustatzen zait, baina beste bide bat eskaintzen dute bakarrizketek. Bakarrizketak ez dira txorakeriak bakarrik, lana ondo eginez gero, kome­dia­rekin egia esan daiteke. Gainera, zer gertatzen zaigu eus­kal­dunoi; zergatik kontatzen ditugu txisteak beti gazteleraz?


Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Euskal Herrira bizitzera etorri nintzenean pentsatu nuen: `Bertan bizi banaiz eta bertako hizkuntza euskara bada, ikasi egin behar dut´. Eta oraindik ikasten ari naiz. Egunetik egunera beti ikasten ari naiz. Jendeak asko laguntzen dit. Horregatik ez dut ulertzen lotsagatik edo hanka sartzeko beldurragatik euskaraz hitz egiten ez duen jendea. Euskaldun zaharrak edo euskaldun berriak izan, garrantzitsuena euskara erabiltzea da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!