EAJ-PNV alderdiak Kronikara bidalitako prentsa oharrean kezka azaldu du, Diputazioak Hernanin zabortegi bat jarri dezakeela argudiatuta. Mozioa aurkeztuko du Plenoan. Ingurumen Diputatuak ekainaren 5ean Batzar Nagusietan aurkeztutako dokumentuaren harira azaldu du kezka EAJ-PNVk. Dokumentuak planteatzen du sortzea, Degradatutako guneak berritu eta berreskuratzeko estabilizatutako zabor-fardoen biltegi kontrolatuak. 2014rako ixtea aurreikusten diren gaur egungo zabortegiak ordezkatzeko izango litzateke. EAJ-PNVk dioenez, «dokumentuaren arabera, helbururik nagusiena da gaur egungo zabortegiak itxi eta bigarren mailako hondakinak botatzeko gune berriak zabaltzea. Baina 49/2009 dekretuaren arabera, hondakindegia da hondakinak lurpean edo lur azalean gordez, hondakin horiek ezabatzeko instalazioa. Bigarren mailako hondakinak botatzea, izenak berak esaten duen bezala, hondakinak botatzea da. Hondakinak baldin badira, hondakinak dira eta lur azalean biltzen badira, hondakindegi batean biltzen dira. Eta Europatik hondakindegi horiek ixteko epea dago». Eta gaineratu du: «gaur egun dauden zabortegiak itxi nahi dira betelana eginez eta Gipuzkoan dauden harrobi eta meategiak hondakindegi berri bihurtuz».
Bi puntu, mozioak
Hernanin Santa Barbarako harrobia dagoela azpimarratuz, Plenoan honako bi puntuak onartzea eskatzen du EAJ-PNVk: 1.- Santa Barbarako harrobia eta udalerrian dauden koba eta meategi guztiak `estabilizatutako zabor-fardoen biltegi kontrolatu´ gisa ez erabiltzea; 2.- Alegazioak prestatzea udalerrian dauden harrobi eta meategi guztiak barneratu nahiko lituzkeen Lurraldeko Plan Sektorialari.