Paul Ojuel eta Aitor Gorrotxategik Lezoko Torneoko txapelak jantzi dituzte asteburuan finala 22-17 irabazita Urbieta II-Telletxea bikoteari. Oso partidu parekatua izan zen eta lau pelotariek maila ona erakutsi zuten. Ojuel izan zen partiduko protagonista, tantoak behar bezala bukatuz eta sakean min eginez. Txapelketa osoko pelotari onena berriz, Gorrotxategi izendatu zuten. Denboraldia hasi besterik ez, lau txapela dagoeneko Hernaniko pelotariek eta ezin bosgarrenari ihes egiten utzi. Gorrotxategik Altsasuko Torneoa ere irabazi du asteburuan, Jurgi Larrañaga azpeitiarrarekin. Garralda eta Tabar bikote nafarrari 22-14 irabazi zioten. Partidu gogorra izan zen, 50 minutukoa. Bikote gipuzkoarra bukaeran nagusitu zen.
Urkizu eta Etxegoien
azpitxapeldun,
Donostiako Euska Jaietan
Donostiako Euskal Jaietako Txapelketako finala jokatu zuten Iñigo Urkizu eta Jon Etxegoien hernaniarrek. Patxi Montes Torneoko txapeldunek 22-19 galdu zuten Elizalde-Andueza bikote nafarraren aurka. Partidu borrokatua eta parekatua izan zen. Lau pelotariak ondo moldatu ziren Trinitateko frontoira eta asko gozarazi zieten ikusleei.
Hasiera ederra, 4 garaipen eta 3 porrotekin
Gipuzkoako Txapelketa asteburuan hasi da eta hasiera ona izan dute Hernaniko pelotariek: 4 garaipen eta 3 porrot. Pagola eta Urruzola kadeteek 3garren mailan debutatu zuten eta irabazi egin zuten. Loiarte eta Cisneros kadeteek ere irabazi egin zuten 1go mailan eta Euskal Ligara sailkatzeko aukera dutela erakutsi zuten. Senior 1go mailan berriz, Esnal eta Lizeagak argi utzi zuten mailaz igotzeko aukera dutela.
Txanponaren bestaldean, 1go mailako jubeniletan, Altuna eta Arizkorretak galdu egin zuten eta Arrieta eta Grajal elite mailako seniorrek ere galdu egin zuten. Lehenengoek asko sufrituko dute denboraldi honetan. Bigarrengoen kasuan, datorren jardunaldian erremontatzea espero da, txapelak irabaztekotan baitabil pelota elkartea.
8-9 urtekoek
apuntatzeko aukera
Pelota elkartetik jakinarazi dutenez, 2003 eta 2004 urteetan jaio diren haurrek pelota eskolan apuntatzeko aukera dute egunero 17:00etatik 19:00etara, Kiroldegiko frontoian. Rufino Rekaldegatik galdetu behar da. Astean bitan entrenatzera doazen 20 pelotari baldin badaude, izen ematea itxi egingo da.