«Pelikula prejuiziorik gabe ikustea nahi dugu; berak hitz egin dezala»

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 18a, 02:00

‘Barrura begiratzeko leihoak’ filmak beste kolpe bat jaso zuen joan den astean. Auzi­tegi Nazionalak jaki­na­razi du filma ikusi egin­go duela legea betetzen ote duen edo ez baloratzeko. Hori horrela, bost zuzenda­riek eta Zinez ekoizte­txeak ez dakite urrian estreinatzeko aukera izango duten filma. Enara Goikoetxea her­naniarra zuzenda­rieta­ko bat da eta berarekin bildu da Kronika.

Udan diru laguntzen kontuarekin saltsa eta orain Auzitegi Na­zionalak filma ikusi egingo duela azaldu du legea betetzen duen baloratzeko. Zer duzu esateko?
Kontuan hartuta azkenaldian dokumentala askoren ahotan dabilela, ikusi ez arren, agian modu honetan kontu honekin bukatzea lortzen dugu. Hala ere, horrenbesteko zalaparta dokumental xume bategatik, ulergaitza egiten zait niri eta baita beste zuzendariei ere. Horrez gain, gaur egun horrelako dokumental bat legez kan­po uztea erokeria hutsa da, gus­tuak gustu eta pentsalmoldeak pentsamolde, dokumental ho­ne­tan pertsona batzuen istorio pertsonala bakarrik kontatzen da, ez gehiago eta ez gutxiago.


Hain zuzen, ‘Barrura begiratzeko leihoak’ bost euskal presori buruzko film dokumentala da bost zuzendarik zuzendua.
Hori da, zuzendari bakoitzak preso baten istorioa kontatzen du, alde per­tsonalean eta hu­ma­noan zentratuta. Josu Mar­tinez zuzendariak Irati Tobar presoaren istorioa landu du; Mi­reia Gabilondok Gotzone Lo­pez de Luzuriagarena; Txa­ber Larreategik Jon Ugarte Zin­kunegirena; Eneko Olasa­gastik Mikel Albisu Antzare­na; eta nik Jesus Mari Zala­kainena.


Zein helbururekin sortu zen dokumentala?
Txaber Larreategi eta Josu Mar­tinezek trilogia bat egiteko as­moa zuten presoen gaiaren in­guruan eta proiektu horretatik sortu ziren Saga­rraren denbora eta Itsasoaren alaba filmak. Hiru­garren film hau zen potoloena. Asmoa zen, beti publikoki ager­tzen diren preso horien iru­dia puskatzea. Gizartean azaltzen dira heroi edo terrorista bezala eta helburua zen, pre­so horiek pertsona bezala azaltzea.


Nola sartu zinen proiektuan?
Josuk eskatu zidan bosgarren zuzendari bat behar zuela eta proposamenak egiteko. Niri ez zidala proposatu esan zidan, ni ezagututa, ez bainaiz politika zalea, pikutara bidaliko nuelako. Baina baiezkoa esan nion. Bestela zeinek egingo du?, pentsatu nuen. Desmar­katu diren presoen inguruko gaia lantzeko jende asko dago, baina ez hainbeste alde honetakoen ikuspegia lantzeko. Eta ez da politika, errealitatea da, bizi duguna. Ezagu­tu egin behar da. Ados egon edo ez, hor daude eta beraien istorioa kontatzeko aukera izan behar dute. Gainera, hausnartzeko gauza asko daude.


Jesus Mari Zalakain presoaren istorioa kontatzen duzu. Zergatik eta nola aukeratu zenuen bera?
Jesus Mari 18/98 kasuagatik dago kartzelan. Gaia zehaztua zegoen eta horrekin lotutako hainbat presoren artean aukeratu nuen. Perfilak eman zizkidaten eta Jesus Marirena gustatu zitzaidan. Pertsona heldua da, ziklo ezberdinak bizitu dituena eta kartzeleratzeko pro­zesuan aldaketa bizitu zue­na. Hori interesatu zitzaidan. Baita ere, pentsalaria, intelektuala da, unibertsitateko irakaslea, elizgizona ere izana. Eta horrez gain, Egineko ad­mi­nistrazio kontseiluko ki­de izan zen, Egin Hernanin zegoen… Berak idatzitako iritzi artikulu bat irakurtzean esan nuen, hau da nire pertsonaia.


Preso dagoela kontuan izanda, nola moldatu zara berarekin harremanetan jarri eta elkarrizketak egiteko?
Bere lagunek asko lagundu di­date eta eurei esker lortu nuen kontaktua. Gutun bidez eta te­le­fonoz egin ditugu elkarrizketak. Ez dut aukerarik izan kar­tzelara sartzeko eta gainerako zuzendariek ere ez. Dena de­la, nik lortu du Jesus Ma­ri­ren grabazio txiki bat 2006koa eta bertako irudiak erabili ditut.


Aurrekora itzulita, dokumentalaren inguruan sortu den saltsa honek nola eragiten dizue?
Saltsa honek guztiak kalte haundia egin digu. Guk, pelikulak berak hitz egitea nahi genuen, eta ez politizatzea. Prejuiziorik gabe ikustea nahi dugu, besterik ez. Gainera, pelikula aspaldi aurkeztu zen eta ez zen ezer gertatu. Baina krisia dela, erreskatea dela… komunikabideak beste zerbaitekin bete behar ziren.


Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailerako ez dute filma aukeratu. Aurreko guztiak eragina izan al du?
Ziur markatu duela, baina presiorik egon den edo beste arrazoi batzuk egon diren tartean ez dakigu. Denbora asko pasa dute erabakitzen eta zerbait egon da. Baina egia da, baita ere, norberarentzat berea ona dela eta festibalek beraien ildo editorialak dituztela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!