Bihar hasiko da Donostiako Zinemaldia, inoiz baino sari gehiagorekin

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 20a, 02:00

Zinemaldiak 60 urte betetzen ditu aurten eta urtemuga berezi hau ospatzeko, edizio borobil bat egiten saiatu dira. Bost Donostia Sari emango dira, inoiz baino gehiago.

Amaia Garcia

Bihar hasiko da Donos­tiako Zinemaldia, ostiraletik aurrera zinemaren magiaz beteko da hiria. Zinemaldiak 60 urte betetzen ditu, eta urtemuga berezi hau ospa­tzeko edizio borobil bat egiten saiatuko dira. Bost Donostia Sari emango dira, historian sari gehien eman den edizioa izanez. Sarituak John Travolta, Ewan McGre­gor, Tommy Lee Jones, Dustin Hoffman eta Oliver Stone izango dira, azkeneko biek 60garren Urteurrenaren Donostia Sari Berezia jasoko dute. Guztiak Hollywood-eko industrian aski ezagunak dira. Baina Zinemaldia ez da Hollywood-etik bizi; mundu osoko filmak ikusteko aukera egongo da bihartik hu­rren­go larunbata bitarte.

Blancanieves

Pablo Berger zuzendari bilbotarrak Edurnezuri ipuinaren bertsio bitxi bat ekarriko digu. Espainia hegoaldean girotua dago, 20garren hamarkadan. Zezenketak, ametsak, fantasiak eta umorea dakar film mutu eta zuri beltz honek. Oscar sarietarako aurrez aukeratua izan da. Toronton kritika oso onak jaso ditu film honek.
Ikusgai: Film hau Sail Ofizialean egongo da ikusgai irailaren 22 eta 23an.

 Dans le maison

François Ozon zuzendari frantsesaren azken lana da. Irakasle eta ikasle baten arteko harremanei buruzko filma da. Errealitateak eta fikzioak bat egiten dute nahasteraino. François Ozon hirugarren aldiz etorriko da Zinemaldira. 2000 urtean Sail Ofizialean lehiatu zen Sous le sable filmarekin eta 2009an Le refuge obrarekin Epaimahaiaren Sari berezia lortu zuen.
Ikusgai: Film hau Sail Ofizialean egongo da ikusgai  irailaren 23 eta 24an.

 Foxfire

1953ko New Yorkera eramango gaitu Laurent Cantet zuzendari frantsesak. Foxfire  ezkutuko emakumezkoen elkartea sortu duen neska-talde baten erretratua egingo du. Taldeak mendeku-bidaia bati ekingo dio ezinezko amets bat bete­tzeko: beren arauen eta legeen arabera bizitzea. Laurent Cantet 1999an Zuzendari Be­rriak saria irabazi zuen Re­ssources humaines filmarekin.
Ikusgai: Film hau Sail Ofizialean egongo da ikusgai irailaren 24 eta 25ean.

Amour

Michael Haneke zuzendariaren azken filmak Urrezko Palmo­rria irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdiaren azken edizioan. Georges eta Anne laurogei urteko musika-irakasleen arteko amodioa kolokan jarriko da Annek iktus bat jasan eta bere gorputza paralizatuta geratzen denean.
Ikusgai: Film hau Zabal­te­gin egongo da ikusgai irailaren 21, 22 eta 23an.

Zuloak

Fermin Muguruza musikariaren dokumental berriak emakumez bakarrik osatutako Zuloak rock taldearen ibilbidearen jarraipena egiten du. Euskal Herriko beste emakumezko musikari batzuen ekarpena ere aldarrikatzeko.
Ikusgai: Film hau Zabal­tegin egongo da ikusgai irailaren 22, 23, 24 eta 25ean.

Baypass

Aitor Mazo eta Patxo Telleria aktore eta zuzendariaren bi­ga­rren filma komedia erro­man­tikoa da. Xabik hilzorian dagoen Maria lagunaren azken orduak goxatzeko, berarekin maiteminduta dagoela kontatuko dio, baina Maria senda­tzen denean, Xabik plan­tak egiten jarraitu behar­ko du.
Ikusgai: Film hau Zabal­tegin egongo da ikusgai irailaren 25, 27 eta 28an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!