Hiru urteren ostean, asteartean hasiko da zuen aurkako epaiketa. Nola zaudete?
Sentsazio ezberdinak dauzkagu. Batzuk lasai, beste batzuk urduri. Ezezaguna den horren aurrean, urduritasuna sentitzen duzu. Baina gauzak argi dituzu baita ere, badakizu zertara zoazen. Horrez gain, amorrua ere sentitzen dugu. Alde batetik, ez zaigulako iruditzen Madrilen euskalherritar bat epaitu behar denik. Ez da zilegitasuna daukan epaitegi bat ezta lurralde bat ere. Eta bestetik, leporatzen digutena, hau da, Segiko kide izatea edo gazte erakunde baten kide izatea, hori delitutzat hartzen delako. Praktika politiko bat eta ideologia oso bat balantzan jartzeak eta epaitzen hasteak amorrazioa ematen digu.
Auzitegi Nazionaleko fiskaltza zertan oinarrituko da zigor eskaera horietarako?
Fiskaltzak informe bat egin du eta informe horrek dauzka bi zati nabarmen: batetik, poliziaren ikerketa, eta ez dute aurkitu froga objetiborik. Bestetik, inkomunikazio garaian ateratako deklarazioak daude eta hauek ez dute balio juridikorik. Ez dauka besterik. Gainera, ikerketa polizialak egiten dituzte hipotesietan oinarrituta. Eta nahi duten bezala sartzen zaituzte beraien hipotesietan. Hor sartzen da inkomunikazioaren erabilera.
Defentsa zertan oinarrituko da?
Kasuan, kasukoa izango da, baina kontuan izan behar da, ikerketa polizialak eta gero instrukzio fasean egiten den sumario horrek, ez dutela oinarri juridiko nahikorik. Eta esan bezala, zuzenbidean ez du balio komisaldegietan egiten duzun deklarazio polizialak. Indarra daukana da deklarazio judiziala, epailearen aurrean egiten duzuna. Eta deklarazio judizialak denak aldekoak dira, ez dute berresten deklarazio poliziala.
Ez dute oinarri juridikorik, baina antzeko kasuetan hainbat gazte espetxeratuak izan dira.
Argi dago botere judiziala gobernuaren menpe dagoela. Izan beharko luke independentea, baina gobernuak bere interes politikoen arabera erabiltzen ditu tribunalak. Horregatik da eta dira epaiketa politikoak, ez daukatelako inolako oinarri juridikorik eta soilik egoera politiko batean ematen direlako. Zoritxarrez, hain onartua dago, bai espainiar estatuan baita Euskal Herrian ere, askatasun osoa daukatela horrelako espektakuluak montatu eta jendearen bizitza hankaz gora jarri, baldintzatu eta suntsitzeko.
Zer espero duzue? Ez dago gure esku, ez abokatuaren esku ezta egin dezakezun defentsa juridiko onenaren esku ere. Egoera politikoaren araberakoa izango da. Ez da kontua epaiketari aurre nola egiten diozun. Hori bai, gizarteak horrelako egoeren aurrean egin dezakeen presioa txukuna baldin bada eta ondo kanalizatzen bada, horrek aldatu dezake. Gizartearen esku dago egoera politikoa aldatzea.
Epaiketak 10 egun iraungo ditu. Nola izango da egun bakoitza?
Gu Madrilera astelehenean goaz, hilaren 17an. 18 eta 19an guk deklaratuko dugu, 20 eta 21ean Polizia Nazionalak, bai gu atxilotu gintuztenek bai etxeetako miaketetan egon zirenek, eta ertzainek. 24an, berriz, ertzainek eta gure defentsaren testiguek deklaratuko dute. 25 eta 26an gure testiguek eta 27 eta 28an perito polizialek eta gure konfiantzazko medikuak. Azken egunean konklusioak aterako dira.
Azken momentuko aldaketak ere izan dituzue.
Auzitegi Nazionala banatua dago eta orain arte pentsatzen genuen epaiketa izango zela San Fernando de Henaresen. Asteazkenean jakin genuen Genovan izango dela. Astebete baino gutxiago falta denean, aldatu egin digute lekua eta horrek ere eskema guztiak puskatu dizkigu. Hotela, dena hartua genuen eta orain azken momentuan dena berriz antolatzera. Sufrimendua eragiten digute berriz. Argudio juridikoen faltan, horrelaxe jarduten dute.
Gaur manifestazioa eta ekitaldia antolatu dituzue.
Hilabete daramagu babesa lortzen, ekimen ezberdinak antolatzen, komunikabideetan egoeraren berri zabaltzen… eta ekitaldia bukaera modura antolatu dugu. Kristoren ilusioa jarri dugu, eta gure nahia bada masiboa izatea, Madrilera pila kargatuekin joateko. Gustatuko litzaiguke baita ere, epaiketa politikoen aurka eta eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka horretan, erreferentea izatea gaurko eguna. Gainera, ekitaldian gonbidatuak izango ditugu. Arran Kataluniako gazte independentisten taldeko kideek hartuko dute parte. Horrez gain, Txiletik jaso dugun elkartasunaren berri ere emango dugu.
Orain arteko ekintzetan sekulako babesa jaso duzue: bertso saioan, prentsaurrekoan…
Bai eta eskerrak eman nahi ditugu. Hernani herria oso ondo portatu da. Jendea laguntzeko prest dago, bai horrelako ekintzetan parte hartuz bai diru laguntza emanez. Dena dela, guretzat ez da garrantzitsuena arlo ekonomikoa. Garrantzia gehiago ematen diogu frontoia betetzeari, horrek erakusten duen berotasunari, jendearen prestutasuna, babesa, elkartasuna… Horrez gain, asko poztu gaitu ikusteak epaiketa politikoen inguruan eta eskubide zibil eta politikoen inguruan lan egingo duen masa bat badagoela Hernanin. Eta jendeari esan nahi diogu ez geratzeko gure epaiketarekin, jarraitzeko dinamika honekin.
Doluminak: Aste honetan Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua, gazte auzipetuen abokatuen aitak hil dira eta doluminak eman nahi dizkiete.