«Gizartean egindako murrizketak orain arteko haundienak dira»

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 14a, 02:00

Rajoyren Gobernuak hartutako neurrien aurka eta bestelako aukerak badaudela aldarrikatzeko dei egin diete herritarrei irailaren 26ko Greba Orokorrarekin bat egin, eta mobilizazioetan parte hartzera.

Murrizketen aurka, eta Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidearen alde, Greba Orokorra deitu dute irailaren 26an ELA eta LAB sindikatuek. Prentsaurreko bana eman zuten atzo, eta beste hainbat aldarrikapenen artean, biak bat datoz esaterakoan, Rajoyren Gobernuak onartu berri dituen murrizketak azken hamarkadetako haundienak direla. Greba egunean antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Hala nola, goizean manifestazioak izango dira hiruburuetan; eta arra­tsaldean, herrietan. Herna­nin, 18:00etan egingo da.

LAB: «Erreskatea guk ordaintzea nahi dute»
LABeko ordezkariek gogor salatu zituzten Espainiako Gobernuak hartutako neurriak, atzo goizeko prentsaurrekoan: «murrizketak 102.000 milioi eurokoak izango dira; bankari emango dizkioten 100.000 milioi euroetatik oso gertu. Diru hori gutxiago izango da oinarrizko zerbitzuak berma­tzeko; enplegu politikak egiteko; eredu ekonomikoan inberti­tzeko; prestazioak bermatzeko...; erreskatea guk ordain­tzea nahi dute». Adierazi zutenez, Greba justifikatua dago «orain arte egin diguten iruzur sozial eta politiko haundiena delako». LABek argi du zein diren euren aldarrikapenak: «bankari diru gehiagorik ez; euskal instituzioek murrizketak ez aplikatzea; politika publiko­etan aldaketa; eta behingoz euskal instituzioak gizartearen zerbitzura jartzea». Sindikatuak dio, alternatiba, egon badagoela, eta posible dela: «Euskal Herriak erabakia eta hitza behar du. Badago masa sozial bat bestelako bide bat hartzeko, krisiari benetako alternatiba emateko. Hau egiteko prest dagoen Gobernua falta da».

ELA: «Gizarte osoa bultzatuko dute pobreziarantz»
Atzo eguerdian emandako prentsaurrean, ELAk bidegabekotzat jo zituen Rajoy­ren Gobernuak onartutako murrizketak: «hartu dituzten neurriak Europako Gober­nuak maiatzean gomendutatakoak dira; bankarentzako 100.000 milioi euroko mailegua emateko baldintza zi­ren». Azaldu zuten, G­o­ber­nuak «opari hori» finantziatzeko erabaki duela, besteak beste gizarte murrizketak egitea, herri langileen soldata jaistea eta BEZa igotzea. Neurri hauek medio, gizarte guztia pobreziarantz bultzatuko dutela diote: «BEZa %18tik %21era igo dute; langabezi prestazioak mu­rriztu dituzte; menpeko pertsonei arreta eskubidea murriztu die; sektore pu­blikoan paga bat kendu dute; denda ordutegiak li­beratu dituzte, enpresen, kotizazioak jaitsi dituzte; gaurko eta biharko erretiratuek pen­tsio txikiagoak izan­go dituzte...». Bestelako aukerak badaudela gogoratu zuten: «mu­rriz­keta horiek Euskal He­rrian ez aplikatzea, eta politika fiskalak eta sozialak alda­tzea, besteak beste».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!