DATORREN asteartean, hilaren 18an hasiko da Hernaniko eta Urnietako 10 gazte auziperatuen aurkako epaiketa. Azkeneko asteetan ekitaldi ezberdinak ari dira izaten hauei babesa emateko, eta epaiketak eragingo dizkien gastuei aurre egiteko. Hurrengoa, bihar izango da; goi mailako pelota partiduak antolatu dituzte, kiroldegian. Txapelak jantzi eta jantzi ari diren Hernaniko pelotari gehientsuenak ikusteko aukera izango da; eta ikuskizuna, Mikel Goñik jarriko du. Palaz, Goikoetxea eta Arrietak jokatuko dute Pagola eta Senperren kontra. Eskuz, Ojuelek bikote berria izango du: Goñi II; eta aurkari, Arrieta eta Gorrotxategi.
Sarrerak, salgai
Partidurako sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroan, Garin, Oindi, Aralar, Zintzarri, Rioja eta Tripontzi tabernetan.
10 eta 20 euroko bono laguntzak
Epaiketak bi aste inguru iraungo duela kontuan izanda, bono-laguntzak ere atera dituzte. 10 eta 20 eurokoak dira, eta gastu ekonomikoei aurre egiteko dira. Horrez gain, diru laguntza eman nahi duenarentzat, kontu zenbaki bat ere jarri dute: 3035 0025 81 0251188647 (Caja Laboral-Euskadiko Kutxa).