Hernaniko sagardoa dastatzea eta 500 kizki lagun elkartzea, igandeko plana

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 12a, 02:00

Sagarra eta Sagardoaren festa antolatu du Tolarea Sagardo Naturalaren Kofradiak igandean. Larunbatean hasiko diren Euskal Jaien barruan izango da hori; ekitaldiak, barra-barra antolatu dituzte.

Baserritar trajeak jantzi, eta Euskal Jaietan murgilduko dira asteburuan hernaniar asko eta asko. Geroz eta indar gehiago du jaiak he­rrian; egitarauari erreparatu bes­terik ez dago. Larunbat goizean hasiko da festa, eta igande iluntzera arte izango dira euskal kultura eta tradizioarekin lotutako ekitaldiak. Larunbaterako, abeltzain­tza azoka, aintzinako jokoak, talo eta txakolin dastaketak, herri kirolak, erro­meria, sardin jatea eta dantzaldia dira, besteak beste, antolatutako ekitaldiak. Igandean, Argazki Rallya, pelota partiduak eta Trikitixa txa­pelketa antolatu dituzte, Sagarra eta sagardoaren festaz gain.

Erakusketa eta dastaketa, lehendabizi
Tolarea Sagardo Natu­ra­laren Kofradiako kideek as­tele­henean aurkeztu zuten iganderako antolatu duten egun haundia. Sagarra eta sa­gardoaren festa izango da Plazan, goizeko 10:30etan hasita. Sagar erakusketa ja­rriko dute ordu horretan. Segida emango dio sagardo dastaketak . Her­na­niko 12 sagardogilek euren produkturik preziatuena jarriko dute aukeran. Itxas­buru, Goiko Lastola, Otsua Enea, Elorrabi, Zelaia, Altzue­ta, Larre Gain, Rufino, Akarregi, Alberro, Iparra­girre eta Olaizola sagardotegiek 12na kaja eramango dituzte, herritarrek dastatzeko. Sagardoa debalde izango da, eta edalontzia bi euroan salduko dute. Mokadutxo bat jateko aukera ere izango da; 2 euroan baita ere, txorizoa, hirugiharra eta gazta pin­txoak salduko dituzte.

500 kizki lagun baietz
Festaren barruan, aurten bada nobedade bat: IV Sagar biltze herrikoia, kizkiarekin. 500 kizki lagun elkartu nahi dituzte Plazan, Hernanik Goizuetak duen errekorra gainditu dezan. Desafioan parte hartu nahi dutenek kizkia aldez aurretik erosi dezakete, 5 euroan, Peña okindegian, Haizean, Electricidad Hernanin, Horbelen, Oindin eta Tripontzin. Egunean bertan ere, jarriko dute salgai. Antolatzaileek hernaniarrak eta inguruko herrietako bizilagunak animatu nahi dituzte parte hartzera.

Sagardogintzaren inguruko herri kirolak, bukaeran
Festa bukaeran ere, sagardoa izango da protagonista; kasu honetan, herri kirolak ardatz hartuta. Astigarraga, Oiar­tzun, Goizueta eta Her­na­niren artean izango da lehia, eta proba guztiak denbora gutxienean ondo egiten dituenak irabaziko du. Taldeak bi gizon eta bi emakumek osatuko dituzte. Egin beharreko lanak, hauek: sagar karga erdi bat (150 kilo) kizkiarekin bildu, saskian sartu eta gero zakura bota; sagarrez betetako hiru zakuak lera gainean jarri, eta beste zaku batekin batu ondoren, lerarekin 10 plaza egin 20 metroko probalekuan; leratik zaku bat hartu, eta bertako sagarrak matxakara bota, txikitzeko; txikitutako sagarra gurdira pasa palarekin. Lau probak egiteko, gehienez, 20 minutu izango dituzte.

LARUNBATA
10:00 Abeltzaintza azoka Tilosetan
11:00 Talo dastatzea Iturriagan
11:30 Aintzinako jokoak Tilosetan
12:00 Txakolin dastatzea Iturriagan
12:30 Erraldoi eta buruhaundiak
12:30 Herri kirolak Tilosetan
13:00 Kale buelta Kantuzekin
18:00 Haurrentzat tailerrak
udaletxeko arkupetan
18:30 Erromeria `Jaiki Hadi´
taldearekin, Plaza Berrin
20:00 Sardina jatea Tilosetan
20:00 Dantzaldia Musika eta Txistulari Bandarekin Tilosetan.

IGANDEA
09:00 XI Argazki Rallya
09:00 Diana Txistulari Bandarekin
11:00 Sagardo dastatzea Plazan
11:30 Pelota partiduak Tilosetan
12:30 IV. Sagar biltze
herrikoia Plazan
12:00 XIV. Trikitixa txapelketa Plaza Berrin
18:00 Sagarraren inguruko herri kirolak Plazan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!