Zikuñaga eta Latsunbeberri-Marielutseko jaiak atzo bukatu ziren hiru egunetan jai giroa nagusi izan ostean. Zikuñagan azpimarratzekoa da danborradako himno berriaren inguruan egin zuten aurkezpena. Oso emanaldi polita izan zen. Gainerakoan, larunbatean izan zuten egun nagusia eta tortilla lehiaketa eta sagardo probaketa izan zituzten eguerdian. Tortilla lehiaketa Yolanda Cortesek irabazi zuen. Arratsaldean futbitoko finala jokatu zen eta B taldeak irabazi zuen. Afaria ere egin zuten eta urtero bezala, baita irrintzi lehiaketa ere. Ainhoak irabazi zuen lehenengo aldiz parte hartuta.
Atzo berriz, haurren pelotako finala jokatu zuten Xuban eta Onditzek. Klasiko bat dagoeneko. Baina atzokoan Onditzek irabazi zuen: 22-20. Futbolean gorriek irabazi zuten.
Mariskadako zenbakia: 491
Sagardo dastaketan errifak saldu ziren eta mariskadaren irabazlea ez da azaldu. Zenbaki saritua: 491.
Latsunbeberri-Marielutsen ere, giro ederrean
Latsunbeberri-Marielutsen ere giro ederrean pasa dituzte jaiak. Atzo, esaterako, lehenengo sagardo dastaketa antolatu zuten. Jende ugari ibili zen aukerako 10 sagardoak probatzen. Hainbat txapelketa ere jokatu dira eta tokan Juanjo Caballero izan da txapeldun eta botean Josema.