Hiru neska hernaniar, Kontxako Banderan

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 9a, 02:00

Iñigo Goñi

Ainhoa Saizar, Amets Za­piain eta Añarbe Kalonje hernaniarrak historia idazten ari dira, Kontxako Banderan arraunean egin duten herriko lehen neskak baitira. Hi­ru­rak ere San Juaneko Batele­rak traineruko partaideak, Her­nanin bizi den Arantxa Arregi sanjuandarra bezala. Hernaniar mutil asko dira Donostian, iraileko lehen bi igandeetan, arraunean egin dutenak, baina inoiz ez ziren aritu neskak eta Hernanik honelako or­dezka­ritza edukitzea deigarria da.
«Ohore handi bat da bai, hernaniar bezala San Juane­ko traineru batean Kontxan partehartzea», dio Ainhoa Saiza­rrek. «San Juanen arrau­na as­ko bizi dute, zaletasun ikaragarria dago eta igandeko ma­rea arroxa ikusi besterik ez da­go. Igande ho­netakoa izugarria izango da, bai mutilak eta bai neskak elkarrekin. Herri guztia guri begira adi egon da eta hori bizitzekoa da».
Hala ere etorkizunean ho­ri bera Hernanirekin bizi­tze­ko aukera amesten dute. «Jen­de gehiagok animatu behar du arraun egitera. Bere sareetan harrapatzen zaituen kirola da. Behin hasita zaila da ez maitemintzea arraunarekin», ziurtatzen du Amets Zapiainek.
Hernaniko taldean neska gazte mordoa dabil arraunean, baina hala ere trainerua uretan ikusteko oraindik ere denbora falta da Saizar, Ka­lon­je eta Zapiainen arabera. Añarbe Kalonjek argi dauka: «Pasa den urtean gazte asko eta neska ugari hasi ziren taldean. Hamar neska baditugu infantil-kadete mailan eta orain lortu behar duguna da horri eustea eta jarraitzea arraun egiten. Berri batzuk hasten badira oraindik eta ho­beto. Hala ere, zaila izaten da taldea mantentzea. Neskak mutilak baino lehenago uzten dute eta helburua horrexek behar du, neskak Hernanin jarrai­tzea kirola eta arrauna egiten. Ikusiko dugu ea posible den edo ez Hernanin trainerua uretan ikustea». Infan­til-kadete mailako arraunlariak daude elkartean eta jubenil mailakorik ez dago. Beraz, trainerua ikusteko urte ba­tzuk itxaron beharko dira.

Estereotipo okerrak
Neskek gainera estereotipoen aurka jardun behar dute. Ka­lonje Hernaniko arraun elkartean laguntzen eta lanean ari­tzen da eta oso ongi ezagu­tzen du nesken arraunaren errealitatea. «Askok mutilen ki­rol be­za­la ikusten dute. Es­for­tzu era sakrifizio asko eska­tzen dituen jarduera moduan. Feminitatea edo emetasuna gal­tzen direnaren irudia za­bal­duta dago gi­zar­tean eta ez du zertan horrela izan beharrik». Gogoratu behar da Olin­piar Jokoetan neskak 1976 urtetik aritzen direla eta tradizio handia duen kirola dela garatutako herrialde gehienetan. «30 urtetik gora neska gutxi ikusten dira mutilek baino lotura gehiago izaten baitute haurrak edo sendia sortzerako garaian. Haurdun emakumeak geratzen dira, ez gizonezkoak», dio Kalonjek.
Hirurak ere oso esperien­tzi polita ari dira bizitzen San Juanen. «Oso polita da. Bate­la­rekin alderatuz trainerua oso desberdina da. Ederra­goa da», Zapiainen ustez. Ainhoa Saizar da hiruretan denbora gehien traineruan arraunean daramana. «Her­na­niko elkartean Xabier Za­ba­lak esan zi­dan aukera ze­goela San Juane­ko traineruan arraun egiteko eta pasa den urtean hasi nintzen ilusio handiarekin. Trainerua oso handia da eta sentsazioak zeharo desberdinak dira. Hamahiru arraunlari eta patroia, sentipen eta bizipen desberdinak, denak ere arraunean bat eginda helburu berdinarekin... itzela da. Urte osoan ordu eta egun asko igarotzen dira batean».

Gaur, hobetzera
Kontxako Banderan bigarren jardunaldia jokatuko da gaur 11:00etatik aurrera eta lehen egunean Galiziako neskak gailendu ziren Getaria-Tolosa, Zumaia eta San Juan-en aurretik. San Juaneko hernaniarren helburua zerotik hastea da. Ainhoa Saizarren iritziz «aurre­ko igandekoa ahaztu behar da. Ez zen estropada txarra izan egin genuena, baina galiziarrak indartsu ibiltzen dira Kontxan. Euskal okelak on egiten die. Guk gure hoberena eman behar dugu eta Getaria-Tolosari irabazten saiatuko gara. Ez dau­de denboratan urruti. Kon­txan egotea sari bat da dagoeneko. Iaz oso zorte txarra izan genuen, ea oraingoan badaukagun».
Zapiain eta Kalonjek aurten bete dute lehendabiziko urtea San Juaneko traineruan. Saizarrek eskarmentu gehiago du eta bere bigarren urtea izan da aurtengoa. «Entrena­men­duak gogorragoak dira» Zapiainen esanetan eta «denbora gehiago behar izaten da, baina oso polita da. Giroak ere lagun­tzen du», bere aburuz.  Kalonjek traineruan arraun egiteko gogo asko zuen. «Beti esan izan didate trainerua probatu gabe ezin dela kirol hau utzi eta benetako tostako arrauna hau da».
Datorren urteari begira hirurak ere jarraitzeko asmotan daude. Lehendabizi Her­nanin ariko dira Kalonje eta Zapiain eta udaran San Juanera itzultzeko asmotan dabiltza. Saizarrek ere San Juanen jarraituko du bai ba­te­letan, bai trainerillan eta baita traineruan ere, gero.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!