Biteriko plaza gainezka zela, manifestazioa deitu zuten atzo, Hernani eta Urnietako 10 gazteren epaiketaren kontra. Hil honen 18an epaituko dituzte 10 gazteak, Segiko kide izatea leporatuta, eta 7-9 urteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte beraientzat. Atzo salatu zuten, epaiketa hori erabat politikoa dela, eta inolako oinarri eta froga juridikorik gabea.
Epaiketaren kontrako manifestazioa Hernanin egingo dute, irailaren 15ean, eta ondoren ekitaldia izango da.
«Horrelako epaiketek ez
daukate inolako zentzurik;
gutxiago garai berri hauetan»
Atzoko prentsaurrekoan hitz egin zuten Hernaniko gazte auzipetuek eta baita ELEAK elkarteko kideek ere. Salatu zuten, konponbideak bilatzeko garaia denean, Espainiako Estatua trabak jartzen ari dela: «gure epaiketa momentu politiko historiko batean kokatu behar dugu, non estatuaren inmobilismo politikak galerazi egiten duen proiektu politiko guztiak bideragarriak izatea. Horrelako epaiketek ez daukate inolako zentzurik eta ezta lekurik ere; gutxiago garai politiko berri hauetan», adierazi zuen Iñigo Alzelai gazteak.
Horrez gain, adierazi zuten, oinarri eta froga juridikorik gabeko epaiketa dela: «torturapean lortutako deklarazio polizialak erabili dituzte gu zigortu eta epaitzeko». Aitzol Arrietak gogorarazi zuen, prozesua nola joan den, 2009an atxilotu zituztenetik. Atxilotuen artean zazpik salatu zituztela tratu txarrak, eta fidantzetan 240.000 euro ordaindu dituztela adierazi zuen Arrietak. Horrez gain, astero epaitegian sinatzeko agindua dute, eta bi astero Ertzain-etxean.
ELEAK: «Eskatzen dugu, epaiketa politikoak bertan behera uztea»
ELEAK mugimenduaren izenean bi kide izan ziren atzo Biteriko prentsaurrekoan. Gaizka Oiarzabalek adierazi zuenez, «gazte hauen kontra erabiltzen ari diren arrazoia, dena ETA da argumentua, aitzakia bat besterik ez da. Independentziaren kontrako borrokan, Espainiako Estatuak tresna asko erabili izan ditu, eta horien artean gazteria isildu, kokildu eta zigortu nahi izatea».
Gizartearen disidentzia eta kritika posible egingo duten eskubide zibilak beharrezkoak direla adierazi zuten, eta horretarako eskatu zuten: «Epaiketa politiko hau eta beste guztiak bertan behera geratzea. Legez kanpo utzitako erakunde sozial eta politikoak legeztatzea, eta abar...»
«Eskerrak, babesagatik»
Azkenik, babesa eman dien guztiei eskerrak eman zizkieten, eta baita bertso-saiora joandako jendetzari ere.