Erremontezaleen egun haundia iritsi da. Gaur jokatuko dute Patxi Zeberiok eta Javier Urrizak Buruz Buruko Kutxa Torneoko finala, 16:45etan Galarretan (jaialdia 16:00etan hasiko da). Eta final honek badu xarma berezia, izan ere, bi aurrelariren arteko lehia izango da. 2007 urtetik ez da gertatu halakorik. Orduko hartan, Ezkurra eta Zeberio bera neurtu ziren.
Zeberiok seigarren finala; Urrizak lehenengoa
Zeberio aurrelari beteranoa, esperientzia haundiko erremontista da eta Kutxa Torneoko seigarren finala izango du gaurkoa. Bitan irabazi du. Urrizak berriz, bere lehenengo finala jokatuko du, eta faborito da. Sakeak zerikusi haundia izango du final honetan bi aurrelariak ez baitaude ohituta horretara. Normalean, aurrelarien arteko lehiak peloteo askokoak eta ikusgarriak izan ohi dira.