Kirolarekin hasi eta tripa beteta parre txiki batekin bukatuko dituzte jaiak Latsunbeberri-Marieluts auzoan. Orain gutxi arte Auzoko Eguna zena, gaur egun hiru eguneko festa bihurtu da, eta goitik behera betetakoa, gainera.
Gaur bi txapelketekin ekingo diote festari, arratsaldean, eta ondoren daukate, indarrak hartzeko, sardin-jatea, eta lasai-lasai gozatzeko Javi Ruiz gitarrajolea. Martxa gehiago nahi duenak, gauean: rock kontzertua.
Kirola, hiru egunez
Bi txapelketa azkar edo relanpago jokatuko dira gaur, auzoko pistetan. Frontenis txapelketa eta saskibaloi txapelketa, hiru hiruren kontra. Gaurko kirolak horrekin bukatuko dituzte, baina bihar eta etzi ere badituzte erronkak, nahi izanez gero. Bihar, Ping-Pong txapelketa azkarra jokatuko dute, tenis pistan, eta igandean pelota partiduak dituzte, auzoko frontoi txikian.
Musika eta dantza, rocka, latinoa eta trikitixa
Latsunbeberriko festek badute fama musika ekitaldiengatik. Aukera polita jarri dute aurten ere estilo eta kopuru aldetik. Javi Ruiz gitarrajoleak bakarrik joko du gaur iluntzean. Gauean, hiru rock talde izango dira: Radio-Caster, Dirty Eyes eta Bloody Brotherhood.
Bihar ere badago musika zaleentzat aukera. Arratsaldetik goizaldera bitartean, Atarrabiyo parkea disko festarako izango da: TDJS (Txingudiko deejays) taldea izango da bertan, 20:30etatik 02:00etara. Eta beste erritmo batzuk maiteago dituztenentzat, gerria mugitzeko dantza latinoak, pista polibalentean, 00:10etan.
Rocka, latinoa, diskoa eta abarrez gain, trikitiak ere izango du lekua festaren azken bi egunetan. Larunbat eta igande, trikiti hotsak entzungo dira ekitaldiak girotzeko: erraldoi eta buruhaundiak, tortilla probaketa eta bertsolarien artean, eta abar...
Bertsolariek izango dute lekua azken egunean. Eguerdian, bazkal aurreko tortilla eta sagardo probaketaren artean, bertsolariak ariko dira giroa jartzen, 13:00etik aurrera.
Jana eta edana, ez dadila falta...
...eta ez da faltako! Izan ere, gaur sardin jaten hasi eta bihar eta etzi bada tripa non bete, Latsunbeberrin. Aurten auzo bazkaria edo bazkari herrikoia dute larunbatean. Aurrez txartela hartu beharra zegoen, beraz, ez da lekurik izango. Gaztetxoenekin ere pentsatu dute, eta txokolatada izango da bihar arratsaldeko 19:00etan.
Tortilla txapelketak gero eta sona haundiagoa dute Hernaniko auzoetako jaietan, eta Marielutsen ere prestatu dute igande goizerako erronka. Zeinek egingo du patata tortillarik ederrena? Bakoitzak bere sekretutxoa izaten du hain ezaguna den plater honek, eta harrigarria da zenbateko desberdintasuna izan dezaketen ingrediente berdinarekin egindako bi tortillek. Goizeko 11:00etan hasita, 12:00ak arte dago aukera tortillak entregatzeko, eta sariak ere ederrak: 2 afari Latsunbe tabernan, eta beste 2 afari Tranbia tabernan.
Tortillaren lagungarri bikaina, Hernanin, nola ez, sagardoa izaten da. 10 sagardotegitako sagardoak dituzte aukeran, igandean: Altzueta, Artola, Rufino, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Otsuenea, Gurutzeta, Laburu eta Zelaia.
Gaztetxoek beren egitaraua, haundia eta mardula
Auzoko umeek zorte ederra daukate, eta ingurukoak ere azalduko dira, bi egun prestatu baitizkiete beraientzat. Frontenis eta saskibaloiain beraiek izaten dira batez ere protagonista, lehenengo egunean. Bihar goizean, altxorraren bila, zaku lasterketa, zinta lasterketa, zapi jokoa eta mahai futbola dituzte, hasteko. Bi orduz ariko dira horretan. Tartean, marrazki lehiaketako lanak entregatu beharko dituzte, auzoko pistan: aurrez egindako marrazkiak bertan utziko dituzte, eta erakusketa jarriko dute (saria izango da partaide guztientzat).
Eguerdian trikitilariak eta buruhaundiak ibiliko dira auzoan zehar. Bazkaldu, eta arratsalde osoan puzgarriak eta ohe elastikoetan ibiltzeko aukera pista polibalentean; eta puzgarriak Marielutsen eta Kiroldegi aurrean.
Ping-Pong txapelketa arratsaldean, eta txokolatada segidan, eguna lasai eta bapo bukatzeko.
Larunbat iluntzean, zezensuzkoa izango dute, 00:00etan, gaztetxoek zein helduek, eta ondoren dantza.
Zozketa, larunbat gauez
Zezensuzkoa bukatu eta dantzak hasi aurretik, jendea adi-adi egongo da larunbatean, boletoak zozketatuko baitira. Eta saria: bi afari Fagollaga jatetxean.
Latsunbeberri-Marielutseko jaiak
Ostirala:
17:30, Frontenis Txapelketa auzoko frontoian.
18:30, saskibaloi partiduak pistan
(3x3).
20:30, sardinjatea balioaskotarako pistan.
21:00-22:30, Javi Ruiz gitarrajolea.
22:30-02:00, Rock kontzertua Atarrabiyoko oholtzan: Radio-Caster, Dirty Eyes eta Bloody Brotherhood.
Larunbata:
10:00, festen hasierako kohetea.
10:00-12:00, betiko jokoak: altxorraren bila, zaku lasterketa, zinta lasterketa, zapi jokoa eta mahai futbola.
10:30, marrazki entrega eta erakusketa balioaskotarako pistan (saria egongo da partaide guztientzat).
12:00, trikitilariak eta buruhaundiak auzoan zehar.
13:00, sari banaketa balioaskotarako pistan.
14:00, gazte nahiz helduentzako bazkaria Karobi Elkartean.
16:30-19:30, puzgarriak eta ohe elastikoak balioaskotarako pistan; puzgarriak Marielutsen; eta puzgarriak kiroldegiaren aurrean.
17:30, ping-pongeko txapelketa auzoko tenis pistan.
19:00, txokolatada balioaskotarako pistan.
20:30-02:00, musika Atarrabiyon. TDJS (Txingudi deejays).
00:00, zezensuzkoa. Boletoen zozketa: bi afari Fagollaga jatetxean.
00:10, dantza latinoak balioaskotarako pistan.
Igandea:
11:00-12:00, tortilla patata txapelketa (entrega balioaskotarako pistako txosnan). Sariak: 2 afari Latsunbe tabernan; 2 afari Tranbia tabernan.
11:00-12:30, pelota partidua frontoian: pelota eskolak antolatua.
12:00-12:30, tortilla txapelketako epaia.
12:00-13:00, trikitixa.
12:30-13:30, sagardo probaketa balioaskotarako pistan. Sagardotegiak: Altzueta, Artola, Rufino, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Otsuenea, Gurutzeta, Laburu eta Zelaia.
13:00, bertsolariak.
14:00, festa bukaerako kohetea.