Danborradaren himno berria festaren aurreneko egunean

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 7a, 02:00

‘Gora Zikuñagako Ama’ kantua kantatuko dute gaur 21:30etan, Zikuñagan. Gaur hasiko ditu Zikuñagak hiru eguneko jaiak, musika, kirola, jana eta edana... eta umeentzako aukera haundiarekin.

Danbor hotsarekin kanta­tuko dute gaur Gora Zikuña­gako Ama, himno berria. Joan den urtean aurkeztu zuten danbo­rrada, eta aurten kantu berria egin dute, euren himno gisara hartuko dutena. Aur­kez­pena gaueko 21:30etan i­zan­go da, eta bertara gon­bidatu dituzte Ozenki, Kantuz eta Umore Ona abesbatzak. Aurretik, danbo­rra­dak kalejira egingo du, 20:00etan. Festaren lehenendabiziko eguna da gaur, eta hiru egu­neko festa karga-karga eginda dator ekitaldiz. Musikak izan­go du bere lekua, biharko kon­tzertu eta guzti, baina baita jan eta edanak, kirolak, eta umeen­­tzako ekitaldiek ere.


Danborrada, bigarren urtez
Joan den urtean estrenoa egin zuen Zikuñagako danborra­dak. Ume, gazte eta helduek parte hartu zuten danborra­dan, eta aurten bigarren urtez aterako dira, gaur, 20:00etan. Kalejira egingo dute au­zoan, eta ondoren etorriko da ginda jarriko dion ekitaldia: Gora Zikuñagako Ama kantua kantatuko dute hiru abesba­tzek: Ozenki, Kantuz eta Umo­re Ona; hiru abesbatza horiek grabatu dute himnoa, Imanol Kamiok egin duena, eta gaur gonbidatu egin dituzte auzora. Bide batez, kanta gehiago ere eskainiko dituzte hiru abes­ba­tzek: tartean, Hernaniko kirol taldeen himnoa eta ACT arraun ligako himnoa ere bai. Zikuñagako himno bihur­tu­­ko da gaur aurkeztuko du­ten kantua. Arkaitz Larraña­gak hasitako ideia eta bideari gaur emango zaio bukaera, beraz, danborrada eta koruen laguntzarekin.

Sagardo dastaketa, txokolatada, afari herrikoia...
Festa ere atseginagoa izaten da sabela ondo betez gero. Zikuñagako festetan ez da faltako aukerarik tripazorriei aurre egiteko. Bihartik ha­sita, tortilla lehiaketa dute eguerdian. Auzoko su­kal­da­ri arituenek urte guztian prak­tikatutakoa auzotarrei erakutsiko diete, ea zeinek daukan esku hobea.
Sagar­doa­rekin bultzako diote tortillari. Horretarako sagardo probaketa dute, 12:30­­etatik aurrera. Txoko­lata­da arratsaldean, eta gauean... afari herrikoia.

Euskal probak eta kirola, nahi adina
Bihar eta etzi, festako ajeak kentzeko modua jarriko du­te Zikuñagan. Euskal pro­bak dituzte bihar 17:30etan, mo­torrak ondo berotzeko. Iaz de­zenteko berotua hartu zuten auzoko indartsuenek, harriari tiraka. Aurten ere izango da aukera izerdia bo­tatzeko. Segidan, 19:00­etan, futbolista abilenek fi­nala jo­katuko dute. Zikuñagako Ama futbito txapelketako finala jokatuko dute. Bihar hel­duek jokatuko dute, eta igandean auzoko txikiek, arratsaldeko 17:30etan. Au­rretik, bote, toka eta igel txapelketak dituzte.

Triki-poteoa eta latino eta hip hop gaua, bihar
Musikarik ez da faltako Zi­ku­ñagan, aurten ere. Gaurko danborradari, bihar triki po­teoak segiko dio arratsaldez. Afalostean, irrintziaren ho­tsean segiko dute, eta gauean, urtero jende mor­dox­ka ekartzen duen kon­tzertua: latino eta hip hop gaua: Aduras Penas eta JC El Moreno. Aitzakia jarria dago Zikuñagan. Orain, joan eta gozatu. 

Egitaraua

Gaur:
11:30, Haurren toka, bote eta igel lehiaketa.
11:00-13:00, puzgarriak.
15:00, apar festa.
16:00-18:00, puzgarriak.
18:00, erraldoi eta buruhaundiak.
20:00, danborrada.
21:30, ‘Gora Zikuñagako Ama’
abestiaren aurkezpena, abesbatzekin: Ozenki, Kantuz eta Umore Ona.
Larunbata,
Zikuñagako Amaren eguna:
10:30, haurrentzako jokuak eta
pottokak.
12:00, tortilla lehiaketa.
12:30, sagardo dastaketa.
15:00, urarekin guda.
17:00, txokolatada.
17:30, euskal probak.
19:00, Zikuñagako Ama futbito
finala.
20:00, triki poteoa.
21:30, afari herrikoia.
23:30, irrintzi lehiaketa.
00:00, latino eta hip hop gaua: AdurasPenas eta JC El Moreno.
Igandea:
10:30-12:30, marrazki lehiaketa.
12:30, haurren esku pelota finala.
15:00, siesta.
17:00, toka, bote eta igel
txapelketak.
17:30, haurren futbol partidua.
19:30, merienda.
21:30, zezensuzkoa eta azken traka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!