Ilusioz eta indarrez, urrutira heltzeko prest

Kronika - Erredakzioa 2012ko ira. 7a, 02:00

Ohorezko mailako taldearen aurkezpenean ehundaka herritar elkartu ziren. Jokalariak eta ekipamendu berria ezagutzeko aukera izan zuten.

Hernaniko Ohorezko mailako taldeak bihar ekingo dio denboraldi berriari Gernikan eta asteazken iluntzean herritarren aurrean aurkeztu zen. Errugbiak hernaniarren artean sortzen duen zaletasuna agerian geratu zen beste behin; izan ere, ehundaka herritar elkartu ziren Tilosetan. Rafa Larretxeak gidatutako ekitaldian, Iraitz Garmen­dia kapitainak hartu zuen hitza lehenengo jokalarien izenean eta daukaten ilusioa azaldu zuen, aldi berean zaletuei beraien esker ona adieraziz. Patrick Polidori entrenatzaileak ere ilusioa, gogoa eta konpromezua azpimarratu zituen eta Joxe Elosegi kirol zuzendariak gaineratu zuen, orain arte bezala, indarraz eta kemenaz urrutira heltzeko gai direla. Juan Rodriguez lehendakariak esker oneko hitzak izan zituen klubaren barnean lan egiten dutenentzat eta baita kanpotik laguntzen dutenentzat ere. Klubeko kideez gain, Luis In­­txauspe alkatea eta Beñat Ame­nabar Kiroletako zinego­tzia ere bertan izan ziren. In­txauspek taldea zoriondu zuen lortutako emaitzagatik, baina batez ere kluba eta bertako partaide guztiak zoriondu zituen he­rrian kirolaren alde egiten du­ten lanagatik, eskolatik hasita.


Giro ederra
Eguraldia lagun, giro ederrean joan zen aurkezpen ekitaldia. Bertaratutakoek lehen taldea ezagutzeko aukera izan zuten. Aurpegi ezagunak eta aurpegi berriak. Jokalariak banaka-banaka igo ziren taula gainera ekipamendu berria jantzita. Hala, babesleak ezagutzeko aukera ere izan zen. Elkarteko webgune berria ere aurkeztu zuten. Eta horrez gain, txotxetik edanez eta mokadu bat janez, Arkaitz Otegi jokalariak zuzendutako Zelaiaren beste aldea. Igoera baten kronika bideoaz gozatzeko aukera izan zen.

Errugbi eskola martxan, gaurtik aurrera
Errugbi eskolako taldeek gaur hasiko dituzte entrenamenduak. Infantilek (14 urtez azpikoak; 1999-2000) astearte eta ostiraletan izango dituzte en­trenamenduak, 18:30etatik 20:00eta­ra. Alebinek (12 urtez azpikoak; 2001-2002) hasiera batean ostiraletan izango dituzte entrenamenduak, 18:30e­ta­tik 20:00etara. Benjaminek (10 ur­tez azpikoak; 2003-2004) eta aurrebenjaminek ere (8 urtez azpikoak; 2005-2006) ostiraletan izango dituzte entrenamenduak, 18:00etatik 19:30e­ta­ra. Aurrera begira, aldaketak egon litezke.
Jakinarazi dutenez, iaz bezala aurtengo kuota aurrezki kutxa bidez jasoko dute, 10 euro hilero, irailetik hasita ekainera arte, 10 hilabete. Kopuru hori ordaintzeko arazoak izanez gero, harremanetan jartzeko eskatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!