Estrasburgoko Auzitegiak uztailean esan zuenez, Ines del Rio presoaren kasuaren aurrean, Parot Doktrinak ez du Europako Giza Eskubideen Hitzarmena betetzen. Notizi horrek Europara begira jarri ditu Parot Doktrinak eragiten dien presoak, eta tartean dira Hernaniko bost euskal preso politiko: Pakito Lujanbio, Inma Noble, Jose Jabier Zabaleta Baldo, Asier Ormazabal, eta Kepa Pikabea (lehenengo lauak Euskal Preso Politkoen Kolektiboan, eta bosgarrena ez). Estrasburgoko epaia oraindik ez da firmea, izan ere, Espainiako Gobernuak jakinarazi du errekurritu egingo duela epai hori. Presoen abokatuen arabera, Estrasburgok ez du Espainiako Gobernuaren errekurtsoa onartu ere egingo eta ziurrenik irailean bertan aske izango da Ines del Rio. Ines del Rioren kasua da Estrasburgora iritsi den bakarra. Senideen esanetan, Del Rioren epaiaren arabera, gainerako presoen inguruan ere erabakia hartu beharko du Espainiako Gobernuak. «Askatu egin beharko lituzkete. Dena dela, kasu bakoitza aztertuko dute eta ahal duten guztia egiten saiatuko dira zigor guztia bete dezaten».
Parot Doktrina, kondena osoa bete beharra
Funtsean, Parot Doktrinak eragin duena da, 30 urteraino espetxean pasa beharra. Espainiako legearen arabera, praktikan 30 urteko kondena ezarri liteke preso bati, nahiz eta berezko kondena haundiagoa izan. Hala ere, espetxean pasatako egun bakoitzagatik kondena zati bat murriztu egiten zaio presoari. Azkenean, legez, hiru laurdenak betetakoan ateratzen dira preso asko. Parot Doktrina aplikatu zaien presoei ez zaie kondena murrizten, eta behartuta daude 30 urteak espetxean pasatzera.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboan 77 kasu
2012ko martxoko datuen arabera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren barruan 77 preso daude Parot Doktrina aplikatua dutenak. Horien artean daude lau hernaniar: Pakito Lujanbio, Inma Noble eta Jose Jabier Zabaleta Baldo, eta Asier Ormazabal.
Senideek Kronikari azaldu diotenez, preso guztiek banaka-banaka helegiteak sartu dituzte doktrina horren aurka, aplikatu zaien heinean. Aurrena, Auzitegi Nazionalean, ondoren Auzitegi Gorenean eta azkenik, Auzitegi Konstituzionalean. Lujanbio, Noble eta Baldoren kasuan errekurtsoak atzera bota ditu Konstituzionalak. Lehenengo bien kasuan Estrasburgoko epairik ez zegoen, baina azkenekoan Estraburgoko epaia zegoen tartean.
Hori horrela, Lujanbioren kasua, kolektiboko beste 15 presorekin batera, ez onartzeko argudiotzat erabili du Konstituzionalak, Estrasburgoko epaia ez dela firmea. Izan ere, Espainiako Gorbenuak errekurtsoa sartuko du hilabete honetan Estrasburgoko epai horren aurka.
Estrasburgok Espainiako Gobernuaren helegitea onartuko balu, aztertu egingo luke eta erabakia urte bukaera inguruan jakingo litzatekeela kalkulatzen dute.
Lujanbio eta Noble
zuzenean kalera,
‘Baldo’ eta Ormazabal
kondena bete zain
Parot Doktrina bertan behera geratuko balitz, Pakito Lujanbio eta Inma Noble aske geratuko lirateke, beraien kondena betea baitute. Lujanbiok 2007an atera behar zuen kalera, 23 urte espetxean egin ostean. Noblek 2008an egon behar zuen kalean eta kalera ateratzera zijoan egun berean esan zioten 9 urte gehigoz egon behar zuela espetxean.
Jose Jabier Zabaleta Baldok berriz, espetxean jarraituko luke, kondena betetzea falta baitzaio oraindik..
Pikabea,
Zaballako espetxean
Hernanin bada bosgarren preso bat Parot Doktrinarekin: Kepa Pikabea. Pikabea ez dago EPPKren barruan eta Maite Goizueta emaztearekin hitz egin du Kronikak haren egoeraren berri izateko. Goizuetak azaldu duenez, eurek ere borrokatu dute ahal duten guztia eta errekurritu dute Konstituzionalean.
Estrasburgoko epaiak berdin eragingo diela azaldu du, «kolektiboko parte izan edo ez». «Nik pentsatzen dut kostatuko dela, estatuak trabak jarriko dituela eta legeak ematen dizkion aukera guztiak erabiliko dituela Doktrina ez atzera botatzeko. Bestaldeko biktimen elkarteen presioa izango dute, eta garbi utzi nahiko dute legalki euren esku zegoen guztia egin dutela. Dena dela, Estraburgok epaia ematean, bete egin beharko du Espainiak eta presoak ateratzen joango dira».
Pikabea ere ez litzateke kalera aterako, berezko kondena bete gabe daukalako oraindik.
2008tik dago Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpo. Azken urteak Arabako Langraitzeko espetxean egin ditu, eta gaur egun, haren ordezko den Zaballako espetxean dago. Bertan daude kolektibotik kanpo geratu diren edo kolektiboa utzi duten presoak.