Ohorezko maila hastera dijoa, eta Hernanik taldea prest dauka dagoeneko. Joan den ostiralean Biarritz Reichel edo sub 21 taldearen kontra itxura ederra eman zuten Patrick Polidoriren mutilek, eta zaleek ikusi zuten taldearen jokoa. 14-22 galdu arren, joko bizia erakutsi zuen Hernanik, eta ideia freskoak.
Jokalarien aurkezpena
Landarera jendetza jaitsi zen ostiralean, eta jokoan ikusi zuten taldea. Dena dela, jokalariak banaka-banaka ikusteko aukera izango dute datorren asteazkenean, 20:30etatik aurrera, Tilosetan. Hernaniri aurkeztu nahi diote taldea, Estatuko ligarik onenean jokatuko duena, hainbeste urte eta gero. Hernaniko errugbi taldeak esfortzu haundia egin du Ohorezko mailan jokatzeko, eta hernaniarrei eskerrak emateaz gain, laguntza ere eskatzen ari dira, aurtengo denboraldiko gastuei aurre egin ahal izateko. Horretarako harpidetza kanpaina jarri dute martxan.
Ekitaldian bideo bat proiektatuko dute: Zelaiaren beste aldea izenekoa.