Aurpegi ezagunak, ostiralean Landaren. Biarritz Olympique taldeko izar gazteak, 21 urtez azpikoak (reichel taldea edo sub 21) datoz Hernanira. Liga hasteko astebete falta denean, hernaniarren motorra nola dagoen ikusiko dute arduradun eta zaleek, 19:30etan, Landaren.
Hernanik taldea mantendu
Hernanik iazko denboraldiko talde berdintsua du aurten, aldaketa txiki batzurekin. Entrenatzaile nagusia Patrick Polidori izango da, azken urteetan bezala. Laguntzaile izango ditu: Javier Seco Boli, eta Jon Iraola.
Xabier Garmendia eta Unai Becerra Biarritz taldera dijoaz, eta Xabier Zabaleta estudiatzera Madrilera. Beste denek segi egingo dute, eta Patxi Barandiaran etorriko da Saratik.
Medikua Diana Hausser, fisio-masajistak Julen Alonso eta Nadia Díez, eta preparadore fisikoa Iker Fernandez.
Jokatzeko modua azkartu
Taldean gehiago jokatzeko lanean ari dira hernaniarrak. Astean bi entrenamendu egiten dituzte zelaian, eta Patrick Polidorik jokatzeko modu berria sartu nahi du taldean. Arkaitz Otegi eta Arkaitz Otañok Kronikari azaldu diotenez, «iaz hasi ginen jokatzeko modu honekin, eta aurten erabat barneratu nahi dugu. Helburua da, talde-lana indartzea, talde guztiak parte hartzea denean. Denek egitea denetik; atakean eta defentsan».
Bi entrenamendu zelaian eta besteak gimnasioan. Iker Fernandez prestatzailearekin gustora ari dira hernaniarrak, eta gimnasioko lana asko hobetu omen dute. «Pesak egiten ditugu, baina zentzu gehiagorekin, eta hori antzeman egingo da».
Gernika, zazpi egun barru, fitxaje berri askorekin
Talde gogorraren kontra hasiko du Hernanik liga, Ohorezko maila preziatuan. Gernikaren kontra ari beharko dute hernaniarrek, irailaren 8an, eta bizkaitarrak fitxaje berriak egiten ari dira, Europako Challenge Kopa jokatuko baitute aurten. Argentinakoak, Samoakoak... izar haundiak ekarri ditu Gernikak aurtengo denboraldirako.