Hernaniko zortzi sagardogile, Donostiako Sagardo Egunean

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 29a, 02:00

Hernaniko zortzi sagardogile Donostian izango dira larunbatean, beste 32 sagardogilerekin batera. Sagardo Eguna egingo dute aurten 27garren aldiz, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak an­tolatuta, eta bertan izango dira, 11:00etatik aurrera, Her­­naniko Akarregi, Albe­rro, Itxasburu, Iparragirre, Larre-Gain, Elorrabi, Otsua-enea eta Rufino sagardotegiak. Euskal Jaien barruan an­tolatzen dute urtero Sagardo Eguna, eta ikusmin berezia piztuko dute bi idi-parek, 2012ko lehenengo muztioa eramango baitute Karreto-barrikatan edo Garliatan. Bi idi pareak Loiola kaletik eta Saguesetik etorriko dira, eta muztioa probatzeko aukera izango dute bidean lagun­tzen dietenek. Bi idi-pareak goizeko 11:00etan abiatuko dira, eta 12:15etan txalapartariek egingo diete harrera Konsti­tu­zio plazan, kirikoketa dantzatuko da, eta ohorezko topa egingo dute sagardogile, gonbidatu eta omendu guztiek; aurten bertsolariek. 

Bertsolariei omenaldia
Bertsolariak eta bertsolaritza omenduko ditu aurten Gi­puz­koako Sagardogileen El­karteak «bien arteko mendeetako harremana azaldu eta estutzeko». Ekitaldia 12:15­e­tan izango da, Karreto-barrikak iritsi eta berehala. 

Bertso saioak txotx garaian
Omenaldiaz gain, 2013ko txotx garaian bertso saioak antolatuko dituzte sagardotegietan, mendeetako ohiturari segida emateko, gaur egunera egokituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!