luis Goñik beste erakustaldi bat eman zuen asteburuan Donostian, Santa Klara Islako Zeharkaldian, eta irabazi egin zuen, 3.000 metroak 41:19 minutuan eginda. Jaime Caballerok 7 segundu gehiago behar izan zituen, beraz, esan liteke ia sprintean sartu zirela biak. Bigarren hernaniarra Alazne Egiazabal izan zen, sailkapen nagusian 65garrena, eta bere kategorian 13garrena (52:18). Hirugarren hernaniarra, Iñigo Goñi, Luisen anaia, 79garrena. Guztira, 303 igerilarik bukatu zuten proba.
Goñi & Caballero, lehia polita
Goñi eta Caballero. Ondo ezagutzen dute elkar hernaniarrak eta donostiarrak, eta aurten Gipuzkoako ligan borroka polita daukate elkarren kontra. Ligako bi probetan neurtu dituzte indarrak, eta bat Caballerok irabazi zuen (Getaria-Zarautz; Goñik 3garren egin zuen), eta bestea Goñik, islakoa. Hurrengo bi probetan erabakiko da lehia: Haize Orrazia, irailaren 1ean, eta Kontxako Badia, irailaren 8an.