Mikel Aginagalde
Ergobin irabazi berri duzu, eta aurten horrekin bederatzi garaipen dituzu dagoeneko. Zein izan da garaipenik pozgarriena?
Garaipen guztiak dira pozgarriak, baina, maiatzean Gasteiz Hiria Herri Lasterketa irabazi nuen eta hura garaipen berezia izan zen. Korrikalariek maila oso altua zuten, eta bertan lehen postua lortzeak meritua du. Horrez gain, apirilean Dueñasen (Palentzia) ere irabazi egin nuen, eta beste zazpi txapelketetan ere bizkorrena izan naiz. Aurten, guztira, bederatzi garaipen lortu ditut, hamaika bigarren postu, eta bi hirugarren postu. Bestalde, taldeka, Txindoki Atletismo Elkartearekin Euskadiko txapeldun izan gara, kross motzean (4 km), eta kross luzean (12km).
Zein distantzian ibiltzen zara ondoen?
Nire espezialitatea, edo hoberen sentitzen naizen distantzia maratoi erdia da, 21 kilometro, hain justu. Garaipen nagusiak tarte horretan lortu ditut, Gasteizkoa esaterako. Bertan, ordubete eta hamaika minutu behar izan nituen helmugara iristeko. Distantzia luzeagoak aurrerago egitea pentsatu dut, etorkizuneko helburuetan gehiegi itsutu gabe. Orain egoera fisiko onean nago eta ez dut beste erronka berezirik hartu nahi.
Noiz hasi zinen atletismoan?
Egia esan, niretzat atletismoa nahiko gauza berria da. Nire kirol hastapenak txirrindularitzan egin nituen Urnietako txirrindularitza taldean. Orain lau urte, beste zerbait probatzea erabaki nuen, eta korrikari ekin nion. Azken urte horietan nabarmen hobetu dut, neurri haundi batean, ditudan entrenatzaile eta korrika kideen laguntzari esker.
Azken horri lotuta, zenbat eta nola entrenatzen duzu?
Astean, batez beste, 6 egunetan egiten dut korri, egun batzuetan atletismo pistan, beste batzuetan asfaltoan eta baita belarretan ere. Batzuetan 30 kilometro egiten ditut egun batean, eta beste batzuetan distantzia motzagoetan aritzen naiz, denbora tarte txikiak kalkulatzeko. Pasa den urtean, adibidez, 4.500 km egin nituen, denera, asfaltoan entrenatzen.
Entrenatzaile eta korrika-lagunak aipatu dituzu. Zeinekin zabiltza?
Nire entrenatzailea Florian Garcia da, berarekin lortu dut fisikoki sasoian egotea. Bestetik, nire korrika kideak oso estimatuak ditut, beraien alboan asko hobetu baitut. Sergio Roman hernaniarra horietako bat, maila fisiko izugarria duen gizona eta ibilbide ikaragarria duen korrikalaria. Bestea, Mikel Albeniz donostiarra. Aitortu behar dut beraien ondoan sufritzeak fruituak eman dituela, eta horiek orain jasotzen ari naizela.
Gaur egun, atletismotik bizi al liteke? Posible al da?
Profesional modura bai, baina hortik aurrera ezinezkoa da. Guk zaletasun bezala ikusten dugu korri egitea eta txapelketetan parte hartzea. Baina, kirola egiteaz gain, gure eguneroko eginbeharrak ditugu, lana eta familia esaterako. Denbora librean gure maila hobetzen saiatzen gara, itsutu gabe. Maratoi batean parte hartzea, adibidez, asko gustatuko litzaidake, baina, horrek dedikazio haundia eta denbora eskatzen ditu, eta hori profesionalen esku bakarrik dago.
Etorkizunera begira, zein dira zure helburuak?
Orain nagoen moduan egotea eta forma fisikoa mantentzea. Nire helburua ez da itsututa marka hobeak lortu nahi izatea, baizik korrika disfrutatzea eta ahalik eta ondoen egitea. Une honetan lortzen ari naizen markekin konformatzen naiz, eta hobetzeko aukera baldin badut, askoz hobeto.