Atzo bukatu ziren Portuko San Joan Txiki jaiak hiru egunez auzoa eta auzotarrak girotu ostean. Urtero bezala, azken egunerako txokolatada, Diana, meza eta pelota partidua izan ziren goizean. Pelotan, Paul Ojuelek txapeldun tituluari eusten jarraitzen du. Berez, ohitura den moduan, Unai Alvarezen aurka jokatu behar bazuen ere, azkenean Eñaut Esnaola izan zuen aurrez aurre. Partidua 30era luzatzea erabaki zuten eta Ojuelek 30-20 irabazi zuen.
Eguerdi partean sagardo probaketa egin zen eta eguraldi ederra lagun, herritar ugari bildu zen. Agin Rezola eta Aitor Mendiluze bertsolariek girotu zuten aurretik plaza. Ondoren Toka eta Bote txapelketak jokatu ziren. Tokan Javi Rodriguezek irabazi zuen eta botean Txintxelak.
Teresuk, lorerik politena
Hiru egunetan lehiaketa eta txapelketa ugari jokatu dira eta honakoak izan dira irabazleak. Marrazki lehiaketan, Beñatek irabazi du haundietan eta Intza Otamendik txikietan. Lorontzi lehiaketan, Teresu izan da irabazlea. Atzetik geratu dira Feli eta Alazne. Karabina txapelketan Paul Alvarezek izan du punteria onena. Bigarrena Beñat Errondosoro izan da. Altxorra bilatzen trebeenak, berriz, Uxue eta Julen Alberro anai-arrebak izan dira. Larunbatean Asto Karrera famatua egin zen eta hiru karreretatik bi Axier Elizondok irabazi zituen.