Irailaren 18an hasiko da Hernaniko 10 gazteren aurkako epaiketa. Segiko kide izatea leporatzen diete. Jakinarazi dutenez, kanpaina bat martxan jarriko dute, «epaiketa hau gelditu eta epaiketa politiko guztien aurrean Hernaniko herritarren eta eragileen inplikazioa eta babesa jasotzeko asmoz». Dagoeneko ekin diote kontaktu erronda bati.
Horrez gain, azaldu dute bi asteko epaiketa izango dela eta eragingo dizkieten gastu ekonomikoei aurre egiteko bono-laguntza batzuk atera dituztela 10 eta 20 eurokoak.
Irailaren 6an, bertso saioa
Dirua lortzeko asmoz, baita ere, bertso saioa eta pelota partiduak antolatu dituzte. Bertso saioa irailaren 6an izango da. A. Egaña, M. Lujanbio, J. Maia, S. Colina, B. Gaztelumendi eta A. Martin izango dira bertan. Irailaren 14an berriz, pala partidua eta pelota partidua antolatu dituzte. Palan honakoak ariko dira: Goikoetxea-Arrieta/Pagola-Senper. Eta pelotan: Goñi II-Ojuel/Arrieta-Gorrotxategi.
Nahi duenak diru laguntza emateko, kontu korronte bat ere ireki dute: 3035 0025 81 0251188647.