Hernaniko preso politiko eta iheslarien senideek azaldu dutenez, Hernaniko preso guztiak borrokan daude Iosu Uribetxeberria eta gainerako 13 gaixo larriak askatzeko. Borroka mota desberdinak ari dira egiten. Gehienak, 27tik 21, gose grebarekin hasi ziren, baina osasun kontuak tarteko utzi egin behar izan dute batzuek. Mareoak, ahulezia… izan dituzte. Gose grebarik egin ez dutenek ere osasun kontuengatik ez dute egin, senideek azaldu dutenez. Orain, 15 preso daude baraualdian. Gainerakoek beste dinamika batzuk jarri dituzte martxan: txapeoak, janariari uko egitea, deiei uko egitea…
6-12 kilo artean galdu
Gose greba egin duten eta egiten ari diren presoek hainbat ondorio izan dituzte. Orokorrean hartuta, 6-12 kilo artean galdu dituzte.
Pakito Lujanbiok esaterako, 10 kilo galdu ditu eta utzi egin behar izan du. «Gainera, kontuan izan behar da 15garren gose greba zuela», azaldu du arrebak.
Gari Arruartek atzo utzi zuen baraualdia, 8 kilo galdu ostean. Aitak azaldutakoaren arabera, mareoak izan ditu eta bizkarreko minez eta oso ahul dago. Arruarte gaixo larrien zerrendako 14 presoetako bat da.
Imanol Minerrek 12 kilo galdu ditu. Dena dela, bere anaiak azaldu duenez, oraindik greban jarraitzeko asmoa du.
«Erabaki politikoak hartzen ari dira»
Auzitegi Nazionaleko Forentsearen informearen harira, azaldu dute, oso larria iruditzen zaiela Osakidetza bezalako erakunde baten profesionaltasuna zalantzan jartzea eta gainera, horrelako kontuetan sartu gabe ere, legea aplikatuta bakarrik, kalean egon beharko lukeela dagoeneko.
«Erabaki politikoak hartzen ari dira legeari dagokion erabakia edo erabaki humanitarioa izan beharrean». Zer espero duten galdetuta, azaldu dute: «Espetxean preso bat hiltzea ez zaie komeni, baina ikusi beharko da zein baldintzatan askatzen duten». Hori ere bada senideen kezketako bat: «Etxean libre uzteak, libre esan nahi du. Libre ez da baldintzapeko neurriekin».
20 bat herritar, baraualdian
Euskal Herriko herri gehienetan bezala, Hernanin ere baraualdia egiten ari dira atzotik gaur arte, Herrirak deituta. Hernanin 20 bat herritarrek egin dute deialdiarekin bat Uribetxeberria eta beste preso gaixoen askatasuna eskatzeko. Baraualdia 19:00etan bukatuko da eta ondoren, Donostiako Ospitalera joango dira egunero egiten ari diren elkarretaratzearekin bat eginez. Horrez gain, aurretik, 18:30etan, kontzentrazioa egingo dute Plazan.
Herriratik azaldu dute aitzakiak erabiltzen ari direla, bai legez eta bai eskubidez aske egon beharko lukeen pertsona bat aske ez uzteko. Beste preso gaixoekin gauza bera gertatu litekeela ikusten dute eta hori ez gertatzeko, lehenbailehen askatu ditzatela eskatu dute.