Mendiriz mendi
Irailean Malerreka edo Malderrekako mendietan ibiliko gara, Mendiriz Mendiko kideak. Zailtasun berezirik ez duten mendiak dira Iruñarri, Erakurri eta ingurukoak, baina 4-5 orduko ibiliak gose ederra egiteko aitzakia emango digu. Paisaia zoragarriak, eta balio historiko haundikoak dira horiek, segidako lerroetan ikusiko dugunez.
Ibilbideak pasatzen dituen paraje guzti hauetan harrespilak eta trikuharriak ugari dira. Horrek adierazten digu inguru hauek sakratu edo mistikoak zirela antzinako biztanle haientzat. Kristautasunak sinismen eta kokapen horietako batzuk bereganatu zituen eta garrantzi sakratua beste era batera mantendu du. Horren adibide, Mendaur mendiaren gailurrean dagoen Trinitate baseliza.
Eskain lepoan harrespila ugari dago. Erakurri eta Iruñarri gailurretara dijoazen bideak bertan elkartzen dira, eta hor ikusi liteke harri bloke haundiz osatutako harrespil eder bat. Benetan ikusgarria.
Hiru metroko menhirra, Euskal Herriko ederrenetakoa
Bada ikusgarria den beste harri bat, antzinakoa: Iruñarriko menhirra. 1.000 metroko altueran dago, gaur egun antenak dauden gailurtxotik gertu.
Iruñarri gailurra eta antenen artean lepo bat dago, hara jaitsi, han errepidea hartu, 100 metro jaitsi eta eskubian, soro erdian, hantxe dago menhirra. Neurri izugarriak ditu:
3 metro baino gehiago luze, metro bat zabal eta 25 cm baino gehiago lodi.
Oraingoz ez dakigu lur-azpian dagoen zatiak ze neurri dituen, ez eta bere pisua ere, baina ziurrenik bi tonatik gora izango ditu. Ohi denez menhirra lau puntu kardinalak ondo adierazten dituen lekuan dago. Gainera pixka bat eguerdi aldera inklinatuta dago. Nahita dago posizio horretan, eguzkia eta ilargiaren mugimenduak kontuan hartzeko.
Giza itxura eta ahalmen
‘izkutuak’ dituena
Esan daiteke, ia zalantza izpirik gabe, mota honetako Euskal Herriko monumentu megalitiko garrantzitsuenetako bat dela. Harriak lurrean sortzen duen itzalak giza itxura duela diote. Itzal antropomorfo hori eguzkia eta ilargiaren argiarekin mugitzen da giza izaera bitxi hori gehiago indartuz. Kondairek diotenez harria Sansonek Otsolako menditik jaurti zuen, baina motz geratu zitzaion eta bide erdian bukatu, gaur dagoen tokian. Horrez gain, antzina sinisten zen, menhir horrek ahalmena zuela emakume antzuei ugalkortasuna emateko.
Menhirrak, kultorako toki?
Harrespila eta trikuharriak heriotzarekin lotutako sinismenengatik altxa ziren. Aldiz, menhirrak beste funtzio batzuk izaten zituzten, hala nola: kultorako toki izatea edo komunitatearen sinbolo. Horrelako helbururen bat ibiliko zuten orain dela 3.000-5.000 urte Auñamendi osoan bizi ziren artzain eta nekazariek monolito horiek eraikitzeko.
Gizakia pasa, harriek iraun
Antzinako bide haiek dira, gaurko bideak. Orain dela milaka urte gure arbasoek zerabilzkiten bide berak dira guk zanpatuko ditugunak. Gizakia igaro egiten da, baina harriak eta naturak iraun egiten dute. Horren jabe ziren gure arbasoak, eta agian, hori izan da utzi nahi izan ziguten mezua.
Ibilbidea, 4-5 ordukoa
Mendateko ezkerraldean jaiotzen den pistatik igo behar da. Pistak bihurgune gogor bat ezkerrera egiten duenean, eskubian bidezidor bat jaiotzen da. Hori hartu. Apur bat gorago berriro pistara aterako gara eta bertatik jarraitu behar da Eskain leporaino (965 m). Erakurriko gailurra (1.142 m) zanpatu nahi duenak apur bat atzera egin behar du eta azken aldapa igo.
Iruñarrira joateko, berriro lepora bueltatu eta harriz osatutako gailurtxo bat bere eskubitik zeharkatu ondoren goiko soroetatik, igoera eta jaitsiera txiki batzuekin, Iruñarrira joango gara.
Gailurretik antenak dauden aldera egingo dugu, beraien aurrean, hego aldean, Iruñarriko menhirra baitago. Menhirraz gozatu eta gero, ipar-ekialdera jarraitu behar da. Apur bat jaitsiz Sorginzelaia lepora (850 m) iritsiko gara eta hemendik Lexarburura igoko. Gora iritsi baino lehen basoan sartuko gara. Lexarburutik gertu hirumugarri bat aurkituko dugu. Basotik segi eta Intsustiko Goira iritsiko gara. Bertan ere beste mugarri bat, eta bideari segita Artxingako harrespila. Apur bat aurrerago berriro Ezkurra herriko beste mugarri bat dugu.
Basotik atera eta inistor artean aurrera egin behar da. Ekaitza eta Mendaur mendiak aurrean ditugula eskubira jo eta behera egin. Borda batzuen albotik pasata harriztatutako bidezidor bat dugu. Bide horretan segi eta Zubietan gara (210 m).