Ergobiko jaiak gaur hasiko dira. Eguerdiko 12:00etan himnoa abestu eta Ergobin bizi den Oiana Blanco judoka olinpikoak pregoia emango du. Astelehenera bitarte ekintza ugariz gozatzeko aukera izango da eta gaur protagonismoa izango du dudarik gabe, auzoko hainbat neska-mutilen arteko harri apustuak. Gauerdian izango da plazan.
«Oso zaila izango da neskei irabaztea»
Ergobiko 8 neska, 4 mutilen aurka ariko dira 550kg-ko harriarekin 20 minututan zeinek plaza gehiago egin. Mikel Ubarretxena izango da parte hartuko duenetako bat eta Kronikari aitortu dionez, irabazteko aukera gutxi dituztela uste du. «Oso zaila izango da neskei irabaztea. Asko entrenatu dute eta teknika dexente hobetu dute». Neskak maiatzean hasi ziren entrenatzen eta halako probetan ibiltzen den mutil bat izan dute entrenatzaile. Mutilak berriz, orain dela hilabete eta erdi inguru hasi ziren entrenatzen. Neskek oso serio hartu dutela apustua dio Ubarretxenak. «Egunean bertan afaria dugu eta ez dutela etorri behar esan dute, pasta afaldu behar dutelako». Izan ere, jokoan dagoena ez da huskeria: irabazleek aukeratzen duten lekuan afari bat. Dena dela, irabazi edo galdu garrantzitsuena giro polita jartzea dela azpimarratu dio Kronikari Ubarretxenak eta hala izatea espero du: «sortu duen ikusmina behintzat haundia da».
EGITARAUA - Gaur:
12:00, jaien hasiera, ereserkia abestuz, txalapartaren oihartzunak tarteko. Bertan izango dira `aska, hondasu kaxa eta kupela´. Pregoia, Ergobin bizi den Oiana Blanco
judoka ezagunak emango du.
14:00, paella mixtoa. Plazara hurbiltzen den guztiak paella berezi hau nola egiten duten ikusteko aukera izango du. Prezioak: haurrek 6 euro eta helduek 12euro.
17:00, Puzgarriak eta jolasak izango dira. Opari eta sariak ere bai.
Era berean, Igeldoko Maddiola nekazal turismo etxeko animalia miniaturen erakusketa izango da plazan.
19:00, txokolate eta txurroak.
20:00, astelehenean parte hartuko duten idien pisaketa plazan.
21:30, oilasko jatea Estancon.
23:30, zezensuzkoa.
00:00, harri apustua. Ergobiko jai batzordeko zortzi neska auzoko lau mutilen aurka arituko dira 550kg-ko harriarekin 20 minututan nork plaza gehiago egin.
01:30, Dj Bull plazan.