Portu auzoan eskaini behar duzue gaur gauean kontzertua, gogotsu al zatozte? Hernanin eta edozein lekutan jotzeko gogoa beti izaten dugu. Gainera, iaz Portu auzoan kontzertua eskaini behar genuen, baina ezin izan genuen azkenean Burrulek, abeslariak, hanka puskatuta zuelako. Oraingoan beste aukera bat dugu, eta Portura gainera beti gogotsu joaten gara, jendeak oso ondo tratatzen gaituelako. Orain arte hiru aldiz aritu gara eta jendeak beti eman digu oso erantzun ona. Berez Portuko jaien antolatzaileek kontzertua eskaintzeko aukera eman eta beste bi taldeak aukeratzeko eskatu ziguten, baldintzak taldeak hernaniarrak izatea eta euren artean pittin bat ezberdinak izatea ziren. Horren ondorioz aukeratu genituen, Pandemia, metal taldeen bertsioak jotzen dituena, eta BeHatxeRoja, Rock and Roll klasikoagoa egiten duena.
Nola definituko zenukete taldea?
Gure estiloa pertsonala eta intransferiblea da. Rock and Roll elektrikoa agian, bizia, azkarra, bixitasun pixka batekin. Oso multikulturalak gara. Rockaren barnean, estilo ezberdinetako rockak uztartzen ditugu; lasaia, animatuagoa, klasikoagoa... Abesti bakoitza gainera mundu bat da. Ez zaigu gustatzen disko bat jarri eta abesti guztiak antzekoak izatea. Pertsonalki disko bat jartzen dugunean ez zaigu hori gustatzen, eta ondorioz, disko bat egiteko garaian saiatzen gara abesti bakoitzari ezaugarri berezi bat ematen, nahi gabe egiten dugun zerbait da, inkontzienteki. Gure abestietan protagonista izaten dira gizarte gaiak, amodioa, amodio eza, rock and rolla, sexua, droga...
Disko berri bat grabatu duzue, ‘Otra noche’ nolakoa izan da grabazioa?
Maketa grabatzen iaz hasi ginen, otsailean. Hau laugarren diskoa da, eta disko guztiak orain arte garaje batean grabatu ditugu, gure estudioan. Urtez urte hobetzen joan gara eta Xabi del Vallek beti lagundu izan gaitu horretan. Askotan ez da grabatzen duzun lekua garrantzitsua, baizik-eta ekipoa, gerora abestiak zeinek moldatzen dituen, eta nola egiten duen. Garajea moldatuta daukagu, orain arte irabazitako dirua hori hobetzen erabili dugu, eta geroz-eta disko hobeak egiten ari gara. Lekuagatik, eta, jotzeko, grabatzeko eta produzitzeko esperientzia haundiagoa dugulako. Disko honekin oso pozik gaude, bai soinuarekin eta baita abestiekin ere.
Zein berezitasun izango du disko berriak aurrekoekin alderatuta?
Hau laugarren diskoa da eta aurrekoetan euskarazko abestiak gehitu ditugun arren esan genezake inoiz baino abesti gehiago ditugula honetan euskaraz; disko berrian lau abesti izango dira. Pixkanaka euskaraz idazten ere bagabiltza. Polita iruditzen zaigu gure hizkuntzan idaztea, baina batzuetan ñoñoegiak ateratzen zaizkigu letrak. Horregatik betidanik izan dugu arazotxo hori. Baina, pixkanaka askatzen gabiltza. Horrez gain, gure laguna den Iñaki Lopez hernaniarrak duela urtebete inguru eskatu zigun Kontrakantxa Gaztetxearentzako abesti bat egiteko, eta kasu egin genion. Kantua euskaraz egin genuen; zortea izan genuen eta Esne Beltza taldeko Xabi Solano, Pello Goikoetxea, eta Zigor Lambrerekin grabatzeko aukera izan genuen. Polita geratu dela uste dugu.
Nola ikusten duzue musika taldeen egoera Hernanin?
Talde dexente daude, eta jendeak badu jotzeko gogoa, baina beti Hernanin geratzen gara, zaila da irtetzea, beste herrietan bertako musika taldeak daudelako. Talde asko daude eta leku gutxi daude jotzeko. Eta zeuden lekuak, Donostian ezagutzen genituen lekuak, Leize Gorria bezalakoak ixten ari dira. Ez da erraza horrelako lekuak kudeatzea, jendea dirurik irabazi gabe aritzen delako bertan. Gaur egun ez dago mugimendurik, lehen jendea kontzertuetara joaten zen, orain kontzertuetara joaten gara festak-edo direnean. Kultura aldatu egin da.