Bihar jokatuko da Buruz Buruko Kutxa Torneoko lehenengo finalerdia. Aurrez aurre izango dira Patxi Zeberio eta Koteto Ezkurra, egungo txapelduna. Klasiko bat. Atzo material aukeraketa izan zen eta Zeberio ez zen gustora geratu. Elduaingo aurrelaria aurrenekoa izan zen hiru pelotak aukeratzen eta aukeraketa bukatu zenean, haserre agertu zen: «Ez dakit zer interes dauden orain finalerdietan. Orain arte pelota mota batekin jokatu dugu eta finalerdietan pelota berriak sartu dituzte, iaz erabili zirenak, hain zuzen. Ez dut ulertzen. Pelota horiek bote haundiagoa dute eta ez didate graziarik egin».
Ezkurrak, Zeberiok baino pisutsuagoak
Zeberiok 129, 127 eta 125 gramotako pelotak aukeratu zituen. «Hasieran airea duten pelotak dira, baina gero behetik ibiltzen dira». Orain arte jokatzen aritu diren pelota motakoak dira. Ezkurra berriz, pozik azaldu zen aukeraketarekin. Zeberiok baino pisu gehiagoko pelotak aukeratu zituen (131, 129 eta 128 gramotakoak). «Bi pelota iazko sortakoak dira. Aukeran zeuden pelotak nahiko okerrak ziren eta zuzenenak aukeratu ditut. Bote erdikoak dira». Ilusionatua dago partiduarekin.