Hernaniko familiekin uda pasatzen 7 neska-mutil saharar izan dira aurten: Fatma, Mahfuda, Fatimetu, Mohammed Salem, Abdalahi, Buhari eta Zenabu. Azken hori Getarian ibili da. Bi hilabeteren ostean, bihar arratsaldean itzuliko dira errefuxiatu kanpamenduetara. 10-12 urte bitarteko haurrak dira eta hiru eta lau urte daramazkite Hernaniko familiengana etortzen. Mahfudaren kasuan izan ezik, bera lehenengo aldiz etorri baita Hernanira. Guztiak bat datoz oso ongi pasa dutela esaterakoan. Astelehenetik ostiralera, goizero-goizero Maialen Torres eta Ainara Ortega begiraleekin elkartu dira eta ekintza ezberdin ugari egin dituzte: Igerilekura joan dira, parkera, hondartzara, Ubiden izan dira egun pasan, Santa Klara irlan, Igeldoko parkean… San Joanetarako iritsi ziren eta festetan ibiltzeko aukera ere izan dute. Eta San Joanetan bakarrik ez! Donostiako Aste Nagusian izan dira, gaur Portuko festetara joango dira… Atzo berriz, Txantxangorri elkartean afaria egin zuten begirale eta familiekin. Makarroiak, oilaskoa eta izozkia izan zituzten afaltzeko. Gehienek gustokoen dituzten jakiak, hain zuzen. Eta han falta dituztenak. Oso gustora egon dira eta datorren urtean ere etorriko liratekeela diote, baina faltan botatzen dituzte hango senideak eta gogoz itzuliko dira.
Azken urtea, benetan gogorra
Umeak dira, baina bizi duten egoera dela eta, errealitatearen pertzepzio oso argia dute. Hala eman diote hango berri Kronikari: «Normalean hilero banatzen dizkigute elikagaiak eta lehen arroza eta lenteja, esaterako, kilo bat pertsona bati ematen zizkioten, orain berriz, kiloa bi pertsonentzat da. Umeen kasuan, kiloa lehen bi umerentzat izaten zen eta orain laurentzat. Elikagai gehiago behar dugu». «Espainiak ez du ezer egiten. Marokoarrei saldu gintuen eta 36 urte daramazkigu gure herrira sartu gabe. Zerbait egin dezake, baina ez du nahi. Marokoarrak gure herrian ez egotea nahi dugu. Sahararrak jo eta hil egiten dituzte, etxeak erre… Sahara libre nahi dugu!». Begiraleek azpimarratu dute azken urtea benetan gogorra ari dela izaten. «Aurten gose asko pasa dute. Iaz etorri ziren pisu berdinarekin etorri dira aurten. Ez dira ezta mantendu. Buharik esaterako, 12 urte ditu eta 26 kilo besterik ez zituela etorri zen», diote. Orain, 3-5 kilo artean irabazi dituzte, orokorrean.
Oporrak Bakean egitasmoa, benetako bizitza ezagutzeko
Haur sahararrak Oporrak Bakean egitasmoarekin etortzen dira Hernanira. Helburua da udako bi hilabete Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzea. Hala, bertako tenperatura altuetatik babesten dira eta osasun azterketak egiten dizkiete hemen, besteak beste. Izan ere, orain udan, 50 gradutik gora dabiltzala tenperaturak azaldu dute (neguan 38ren bueltan ibiltzen dira) eta ur eskasia izugarria dela. «Ura postrea izaten da», diote. Horrez gain, nabarmendu dute Saharako ume guztiak etortzea nahi luketela Oporrak Bakean egitasmoarekin: «Benetako bizitza zer den ezagutu dezaten. Gure herriak zer duen ezagutu dezaten, izan ere, guk ere baditugu hondartzak, igerilekuak, arrainak…».
Eskerrak familiei eta Hernaniri
Joan aurretik, eskerrak emateko ere aprobetxatu nahi izan dute: «Eskerrak eman nahi dizkiegu familiei. Oso ondo pasa dugu eta oso onak izan dira gurekin. Oso pozik goaz; asko maite ditugu. Eskerrik asko beraiei eta eskerrik asko Hernani».