Errepidea moztu zuten herenegun, Uribetxeberriaren askatasuna atzeratu izana salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 23a, 02:00

Herritar talde batek errepidea moztu zuen herenegun ilunabarrean, Axalan. Iosu Uri­betxeberria euskal preso politikoaren askatasunari bu­ruzko erabakia atzeratzea erabaki zuen astelehenean Auzi­tegi Nazionalak eta erabaki hori salatzeko eta Uribetxe­berriaren askatasuna eskatzeko burutu zuten ekimena. 

Hala azaldu dute Kroni­kara bidalitako prentsa oharrean: «Espainiako Gobernu­a­ren azken erabakia, Iosu Uribetxeberriaren egoera bes­te bi aste inguru luza­tzea, giza eskubideen urraketa nabarmena da eta euskal jendartearen gehiengoak duen bake nahiaren aurrean, adar jotze makabroa».


«Erabakia atzeratzeak isladatzen du, mendeku gose onartezin bat»
Gaineratu dutenez, erabakia atzeratzea mendeku gosearen ondorio da eta bake egoera urrundu nahi dutenak kontentatzeko egina: «Iosu Uribe­txeberriaren osasun egoera oso larria eta delikatua da, txosten mediku guztiek hala dela diote. Bere egoera edozein momentutan kritikoa eta fatala bilakatu daiteke. Minbizia du, fase terminalean, eta gaixotasunak ez du atzera bueltarik. Iosuren askatasunaren inguruko erabakia atzeratzeak mendeku gose onartezina islatzen du eta giza eskubideak urratzea. Erabaki hau, gatazka betikotu eta bake egoera urrundu besterik nahi ez duten sektoreak kontenta­tzeko erabakia da». 

Horrez gain, honakoa ere gaineratu dute: «Uribetxe­berriak as­ke geratu behar du, berehala eta inolako aitzakiarik gabe legea betez. Orain arte entzun ditugun eta en­tzuten ari garen aitzaki guztiak onartezinak dira. Iosu­ren sufrimendua lu­zatu eta bere egoera muturreraino era­man nahi dute, Iosu he­rio­tzaren atarian utziz».


Soluzioen garaia
Egoera hau ezin dela errepikatu nabarmendu dute eta herritarrei dei egiten diete mobilizatzeko. «Iosuk eta gaixo dauden gainontzeko euskal preso politikoek aske geratu behar dute eta espetxe politikak egungo errepresio gakoetatik, konponbide demokratiko baten klabeetara pasa behar du. Soluzioen ga­raia da, guztion artean bakea eraikitzekoa, arduraz jokatzekoa».


Elkarretaratzeak, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean
Gogorarazi dute 14 ordutako elkarretaratzeak ari direla egiten egunero Donostiako Ospitalean eta 12 lagun gose greba mugagabean daudela bertan. Bilbo, Gasteiz eta Iruñean ere elkarretaratzeak ari dira egiten. Bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diete herritarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!